Itxi

kultura

XX. urteurrena

Guggenheim eta Google bat eginda, museoaren esperientzia aparta eskaintzeko

eitb.eus

Bisitak Street Viewren bidez, proiektuarentzat egindako film laburra, Googlek artelanentzako garatutako kameraren irudiak eta itxita egon ohi diren bazterren argazkiak dira gakoetako batzuk.

3:27

Guggenheim Bilbao Museoak eta Google Arts & Culturek lankidetza-proiektu bat jarri dute martxan, arte garaikidea eta Museoaren eraikina ezagutu, bizi eta esperimentatzeko modu berriak eskaintzeko helburuarekin. Google Arts & Culturek Museoari bereziki eskainitako webgunea garatu du horretarako.

Museoak zabaldutako ohar batean adierazi duenez, elkarlana Museoaren XX. urteurrenaren testuinguruan bultzatu dute, eta hilabeteetako lanaren fruitua da.

Google Arts & Culture Googlen kultura sailak bere teknologia eskaini du Museoaren "erabiltzaileen, bisitarien eta erakundearekin lotura duen edonoren esperientzia berrasmatzeko".

Film labur proiekturako egina; Museoaren Bildumaren lagin adierazgarri bat; Street View teknologia baliatuz, Museoaren barnetik nahiz kanpotik egindako paseoa; istorio interaktiboak edo painting tours delakoak, hainbat lanek ezkutatzen dituzten xehetasunak arakatzen dituztenak… dira aurrekaririk gabeko eskaintzaren ardatzetako batzuk.

Guggenheim Bilbao Museoan grabitatea plegatzen film laburrak "arkitekturak Guggenheim Bilbao Museoaren identitatean duen garrantzia nabarmentzen du". Bertan, hiri-esploratzaile bat eta parcour kirolari bat eraikineko teilatu eta azalera ezberdinetan zehar dabiltza, Gehry-ren eraikina inoiz ikusi gabeko irudietan atzemateko.

Gainera, eta "artelanetan giza begiak orain arte hauteman ezin izan dituen xehetasunak atzemateko Googlek bereziki garatu duen kamera fotografikoari esker", Guggenheimen webgunean sartzen direnek lau artelanez gozatzeko aukera izango dute, bereizmen handian: Titulurik gabea, Mark Rothko; Antropometria urdin handia (ANT 105) [La grande Anthropométrie bleue (ANT 105)], Yves Klein; Titulurik gabea, Clyfford Still, eta Iberia, Robert Motherwell.