kultura
Bilbo
Campos Eliseos Bilboko antzokiak programazio 'eklektikoa' eskainiko du aro berrian
Agentziak | Erredakzioa
Espazioaren kudeatzaile berriek azaldu dutenez, antzerkia izango da nagusi programazioan. Besteak beste, Imanol Arias, Faemino y Cansado eta Kulunka Teatro pasatuko dira 2018an antzokitik.
-
Antzerkia izango da nagusi aro berriko programazioan. Argazkia: © Guillermo Casas
Klemark Espectaculos Teatrales aurrerantzean Campos Eliseos Bilboko antzokia kudeatuko duen enpresak iragarri duenez, antzokiaren programazioa “eklektikoa” izango da aro berri honetan, eta “denetarik” egongo da, betiere “bikaintasuna” helburu.
2018an, besteak beste, Imanol Arias (atzera antzerkigintzan), Juan Diego, Malena Alterio, Maria Adanez, Roberto Enriquez, Faemino y Cansado eta Mabu eta Revolver taldeak pasatuko dira bertatik.
Halaber, Kulunka Teatrok ere ikuskizun bat eskainiko du “Bilbon lehenengoz”, eta “mundu osoan ezaguna” den konpainia honekiko zorra kitatuko du hiriak horrela, arduradunen hitzetan.
Klemarken ordezkariek azaldu dutenaren arabera, antzerkia izango da nagusi programazioan, nahiz eta “saltzeko genero zailena” izaten ari den.
Maiatzean, esaterako, Shakespeare’s Globe Theatre konpainiak geldialdia egingo du Campos Eliseos antzokian, "Shakespeare on Tour" biraren barruan, eta ingeles dramaturgo ospetsuaren garaian bizi ziren bezala bizi ahalko da ikuskizuna. Gainera, publikoak berak erabakiko du zein lan ikusi nahi duen: Veneziako merkataria, Piztia menderatua edo Twelfth Night.