Itxi

kultura

Ikerketa

Euskal herritarren % 94k ez dute euskarazko liburuak irakurtzeko ohiturarik

eitb.eus

Siadecok Elkar Fundazioarentzat eginiko ikerketa baten arabera, euskaldunek “erraztasunik ez dutelako” ez dute euskaraz irakurtzen, eta musikaren formatu fisikoa gure bizitzatik desagertzen ari da.

Elkar Fundazioak eskatuta, Siadeco ikerketa etxeak euskal herritarren irakurketa eta musika ohiturak aztertu ditu, “Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Ipar Euskal Herriko” 2.500 laguni (% 26,6 euskaldunak eta % 73,4 elebakarrak) inkestak eginez.

Irakurtzeko ohiturei dagokienez, hamar euskal herritarretik zazpik irakurletzat dute beren burua (libururen bat irakurri dute azken sei hilabeteetan) eta % 58 ohiko irakurleak dira (gutxienez liburu bat irakurri dute azken hilabetean). Euskarazko liburuei dagokienez, baina, nabarmen egiten du behera datuak: euskal herritarren % 11k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak, % 6k ohikotasunez.

Datua ez dator bat hizkuntzaren aldetiko banaketa soziologiko soilarekin, ikerlanaren arabera lau herritarretik bat baita euskalduna. Euskaldunok euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia “erraztasun falta” da nagusiki (galdeketari erantzun dietenen % 42,4rentzat) eta % 9,9k soilik egotzi diote horren errua euskaraz gustuko libururik ez aurkitzeari.

Papera vs liburu digitala

Hiru herritarretik bik erosi dute azken urtean gutxienez paperezko liburu bat, eta % 10,7k erosi dute, berriz, gutxienez liburu digitalen bat. Datu horrek agerian uzten du, Joxemari Sors Elkar Fundazioaren presidentearen hitzetan, liburu digitalak ez duela oraingoz “garai batean esaten zen bezala egin aurrera”.

Musika

Euskaldunen artean, % 30ek erosi  dute azken urtean euskarazko disko fisikoren bat; ez-euskaldunen artean, berriz, % 6k baino ez dute erosi euskarazko musika lanen bat.

Formatu digitalean, bestalde, lau euskal herritarretik batek musika doan eskuratu ohi du, ordaindu barik, eta % 6k soilik erosten dute formatu digitaleko musika.

Sorsen aburuz, horrek erakusten du musikaren industria erabat aldatu dela eta formatu fisikoa gure bizitzatik desagertzen ari dela ia. Horren aurrean, sektoreak aurrera begira erronka handiak dituela adierazi du Sorsek.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea