kultura
EHU-k argitaratu du
Ipar Euskal Herriko herri kontakizunak, liburu batean
Agentziak | Erredakzioa
Maialen Moreno Zubeldiak "Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan: bilketa, sailkapena eta irriaren adierazpenaren azterketa" liburua kaleratu du.
Maialen Moreno Zubeldiak liburu batean bildu ditu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan entzundako herri kontakizunak. Lana Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du, Euskal Literatura sailean, "Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan: bilketa, sailkapena eta irriaren adierazpenaren azterketa" izenburupean.
Egileak azaldu duenez, istorio laburrak irakurtzea gustuko duenak horietako asko aurkituko ditu liburuan. Herriz herri jendearen ahotik ateratako kontakizunak bildu, eta, ondoren, transkribatu, sailkatu eta aztertu egin ditu lanean.
Liburuaren lehen zatian, jasotako kontakizunak zelakoak diren (errealistak, ipuin miresgarriak, elezaharrak, txisteak…) aurkezten da eta horien ezaugarriak aletzen dira; bigarren zatia, berriz, istorioen corpusak osatzen du.
"Liburua interesgarria izan daiteke umorearen gaia gogoko duenarentzat, kontakizun laburrekin gozatu nahi duenarentzat eta kontakizun labur horiek historian izan duten bilakabideaz gehiago jakin nahi duenarentzat", esan du egileak.