Publizitatea
Itxi

2018/04/20

20:19

kultura

Heriotza

Avicii DJ suediarra zendu da 28 urte zituela

Agentziak | Erredakzioa

DJ suediarra hilik aurkitu dute Maskaten (Oman). “Familia lur-jota dago”, azaldu du artistaren ordezkariak. Aldi baterako behintzat, erretiroa hartzen zuela iragarri zuen musikariak 2016ko martxoan.

  • Avicii DJ suediarra. Artxiboko irudia: EFE

    Avicii DJ suediarra. Artxiboko irudia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Avicii disc-jockey suediarra hilik aurkitu dute gaur Maskaten, Omaneko hiriburuan, Diana Baron artistaren ordezkariak agiri batean jakitera eman duenez.

“Familia lur-jota dago eta une zail honetan pribatutasuna errespetatzeko eskatu nahi diogu mundu guztiari, mesedez. Ez dugu adierazpen gehiagorik egingo”, erantsi du.

“Atsekabe handiz Tim Bergling, Avicii, hil dela iragarri behar dugu”, esan du Baronek. Gaztea Omango hiriburuan hilik topatu dute “ostiral arratsaldean”, zehaztu duenez.

Aldi baterako behintzat, erretiroa hartzen zuela iragarri zuen musikariak 2016ko martxoan, beste esparru batzuk esploratzeko eta “artistaren atzean dagoen pertsonaren bizitzarentzako” denbora gehiago izateko.

Orduan, agertokietara itzultzea baztertzen ez zuela azaldu zien jarraitzaileei gutun luze batean, baina itzulera denbora gutxi barru gertatuko ez zela argi utzi zuen: “Nire ibilbidean arrakastak izan dira, baina baita gorabehera handiak ere. Artista bezala hazi, eta aldi berean pertsona heldu bihurtu naiz, nire burua hobeto ezagutzen ikasi dut, eta nire bizitzan gauza ugari egiteko ditudala konturatu naiz”.

 

Avicii: "Nire ibilbidean arrakastak izan dira, baina baita gorabehera handiak ere"

 

DJ Aviciik osasun arazoak izan ditu urteetan, besteak beste, pankreatitis akutu bat, “neurri handi batean alkohola gehiegi kontsumitzeagatik”, Variety aldizkariak gaur ziurtatu duenez.

Avicii 1989ko irailaren 8an jaio zen, Stockholmen (Suedia). Levels abestiari esker mundu mailan sona handia lortu zuen DJ eta musika elektronikaren produktore gisa.

Bere ibilbidean beste kanta ezagun asko ditu Aviciik, hala nola, Wake Me Up edo Hey Brother eta True (2013) edo Stories (2015) diskoak.

DJ suediarra mundu osoko jaialdietan izarra izan da. Era berean, beste artista handi batzuekin lan egin du, besteak beste, Coldplay (A Sky Full of Stars), David Guetta (Sunshine), Lenny Kravitz (Superlove), Robbie Williams (The Days) eta Rita Orarekin (Lonely Together).

2014an Dar um Jeito (We Will Find a Way) egin zuen, Brasilen egindako Munduko Futbol Txapelketaren ereserkia, Carlos Santana, Wyclef Jean eta Alexandre Piresekin batera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;