kultura
Artea
ARCOk erakusketatik kendutako 'preso politikoen' artelana, Errenterian ikusgai
Agentziak | Erredakzioa
Erakusketa ostiral honetan inauguratu du Julen Mendoza Errenteriako alkateak, adierazpen askatasunarekin konpromisoa azaltzeko asmoz.
-
'Preso politikoak Espainia garaikidean' Santiago Sierraren artelana. Argazkia: EFE
'Preso politikoak Espainia garaikidean' Santiago Sierraren artelana ikusgai dago Errenterian (Gipuzkoa). Azken Arco azokak artelana erakusketatik kendu zuen. Ostiral honetatik maiatzaren 26ra arte ikusgai egongo da Errenterian.
Espetxean diren pertsonen erretratu lausotuak erakusten ditu lanak, besteak beste, Kataluniako politikarienak eta Altsasun bi guardia zibil jipoitzeagatik epaitu dituzten gazteenak.
Erakusketa ostiral honetan inauguratu du Julen Mendoza Errenteriako alkateak, adierazpen askatasunarekin konpromisoa azaltzeko asmoz.
Erakusketa adierazpen askatasunaren inguruko egitarau batekin lagunduko dute, Errenteriako Udalak agiri batean jakitera eman duenez. Garbiñe Biurrun epaileak eta Martxelo Otamendi, Mariano Ferrer, Dani Alvarez eta Lourdes Perez kazetariek hitzaldiak emango dituzte.
Artelanaren edukiak “aurkako jarrerak sor” ditzakeela ulertzen du Errenteriako Udalak; baina “zalantza izpirik gabe, adierazpen askatasuna edozein gizarte demokratikoren funtsezko zutabeetako bat da eta, zentzu horretan, deserosoa izan daitekeelako obra arte zirkuituetatik kentzea printzipio demokratiko horren kontra doa”, erantsi du.
Gainera, Iruñean gertatu ziren istiluengatik Auzitegi Nazionalean aurki epaituko duten Errenteriako gazte baten erretratua agertzen da artelanean.