Itxi

kultura

Bilbon

Irakurzaletasuna hizpide, Getxolinguae jardunaldian

eitb.eus

Jardunaldiak Getxo ohiko kokagunea utzi, eta Bilbora egin du aurtengo edizioan. Han, 250 hizkuntza irakasle batu dira, irakurzaletasunaren inguruko hausnarketak partekatzeko.

“Irakurketa Plana gure ikastetxean: irakurzaletasuna sustatzen… irakurketaz gozatzen!” goiburu nagusi hartuta, ikastetxeetako Irakurketa Plana eta ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko estrategiak izan dituzte ardatz Getxolinguae jardunaldian.

Hezkuntza Sailaren Berritzegune Nagusiak antolaturik, 250 hizkuntza-irakasle batu dira, aurten Getxoko ohiko kokalekua utzita Bilbon egin den jardunaldian. Sarrera-hitzaldian, irakurmenak funtsezko komunikazio trebetasun gisa duen garrantzia nabarmendu du Cristina Uriartek, “norberaren garapen pertsonal eta sozialerako, eta baita, noski, ezagutzak eskuratzeko ere” azaldu du.

“Irakurketara hurbildu behar ditugu ikasleak, irakurtzea beharrezkoa duten zerbait dela senti dezaten, eta plazer iturri gisa har dezaten”, gehitu du Uriartek.

Jardunaldia osatzeko, Getxoko Aixerrota institutuko eta Markinako Bekobenta eskolako ordezkariek euren praktika onak partekatuko dituzte gainerako irakasleekin, ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko burutzen dituzten ekimenak azalduz. Azkenik sei tailer praktiko ere egingo dituzte. Horietan, parte-hartzaileei ikasleen artean irakurtzeko ohitura sendotzeko metodologia eta estrategia zenbait azalduko zaizkie.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kultura