kultura
Liburutegi digitala
eLiburutegiak filmak eta audioliburuak ere eskainiko ditu
eitb.eus
Orain arte zituen 15.000 liburuez gain, 1.600 film eta 600 audioliburu ere jarriko ditu erabiltzaileen eskura liburutegi publiko digitalak. Urte amaierarako, 2.000 film eskainiko ditu, 300 euskaraz.
-
Imanol Agote, Francisca Pulgar eta Bingen Zupiria, gaurko aurkezpenean
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eLiburutegiaren azken berritasunak aurkeztu ditu gaur, Euskadiko Artxibo Historikoan. Orain arte, 15.000 libururen 45.000 mailegu egin dizkie liburutegi digitalak 24.000 erabiltzaileri.
Orain, gainera, erabiltzaileek 1.600 film eta dokumental dituzte aukeratzeko, horietako 50 euskaraz, eta 600 audioliburu ere izango dituzte eskura gaurtik aurrera, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat bereziki pentsatutako sistema batean, horien erdiak euskaraz.
Sailburuak iragarri duenez, urte amaierarako, eLiburutegiak 2.000 film izango ditu, eta horietako 300 euskaraz izango dira. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak mailegu bakoitzaren prezioa ordainduko duenez (50 zentimo batez beste, egile eskubideen truke), mailegua doakoa da erabiltzaileentzat.
Filmen kasuan, erabiltzaileak nahi adina aldiz ikus dezake hiru eguneko epean. Erabiltzaile bakoitzak bi mailegu eska ditzake astean, eta zortzi mailegu hilean, gehienez.
Liburutegia, zenbakitan
eLiburutegiak 15.200 liburu ditu, eta hauek dira 2017an gehien mailegatu direnak: Kirmen Uriberen 'Elkarrekin esnatzeko ordua' (276 mailegu), Fernando Arambururen 'Patria' (192 mailegu) eta Karmele Jaioren 'Ez naiz ni' (151 mailegu). Maileguan gehien utzi diren zortzi lanen artean, bost euskarazkoak dira eta gaztelaniazkoak dira gainerako hirurak.