Itxi

kultura

Elkarrizketa

Fernando G. Baptista: 'Infografia onak argia eta soila behar du'

Natxo Velez | eitb.eus

Bilbotar artista grafikoa infografien editore seniorra da “National Geographic” aldizkarian, eta bere jaioterria omendu du bertan.

  • Bilbotar artistak bere hiria omendu du 'National Geographic' aldizkarian

    Bilbotar artistak bere hiria omendu du 'National Geographic' aldizkarian

Fernando Gomez Baptistak hamar urte baino gehiago daramatza National Geographic aldizkarirako ilustrazioak eta infografiak egiten, eta lan berezi bat egin nahi izan du publikazio horren orrietan Bilbo, bere jaioterria, omentzeko.

Topikoa goitik behera berretsita, gainera, handikiro egin du, bilbotar erara: ehun lanordu baino gehiago erabili ditu 50 zentimetroko miniatura bat sortzeko, zeinetan bere burua irudikatu baitu, koadro batean Guggenheim museoa, Iberdrola dorrea eta hiriaren profila zehazten duten beste hainbat eraikin marrazten ari dela.

Bere hiriaren enbaxadore aritzeko poza ez ezik, zorion mezu andana bat ere ekarri dizkio lanak. Berarekin hitz egin nahi izan dugu, horretaz eta infografiagileen lanaz gehiago jakiteko.

Hamar urte baino gehiago daramatzazu National Geographic Magazine aldizkarian lanean. Nola iritsi zinen eta zein da zure betebeharra bertan?

2007ko irailean hasi nintzen National Geographic-en lanean. Hilabete batzuk lehenago, El Correo-n lanean ari nintzela, National Geographic-etik deitu zidaten, eta esan zidaten nire estiloa bat etor zitekeela aldizkarian antolatzen ari ziren infografia lantalde berriak nahi zuenarekin eta bidaltzeko, mesedez, nire lanetako batzuk.

Bidali egin nizkien, gustatu zitzaizkien eta Washington Hirira joatera gonbidatu ninduten, beraiekin egun batzuk igarotzera. Hala egin nuen, izugarri gustatu zitzaidan eta lan egiteko moduarekin harrituta geratu nintzen. Eskaintza onartu nuen, eta AEBra joan nintzen, ingelesez jakin gabe. Hasieran, nahiko gogorra izan zen…

Zertan oinarritzen zara zure lanean? Zein dira infografia on baten gakoak?

Ikusizko ia edozer gauzatan aurkitzen dut inspirazioa, zineman, komikietan, concept art-ean, pintore klasiko eta modernoetan…

Infografia on baten gakoei dagokienez, argia eta soila izatea da niretzat garrantzitsuena, irakurleek kontatu nahi dieguna uler dezatela. Erakargarriak izan daitezen ere saiatzen naiz, irakurtzeko gonbita izan daitezen.

Zer prozesu egiten du infografia batek zuen hedabidean, ideia sortzen denetik aireratzen denera arte?

Proiektuaren lantaldeko bilerak dira lehenengo gauza: testu editorea, mapak, argazkiak, bideoa, ikertzaileak… Bakoitzak bere zatia nola egin dezakeen aurkezten du.

Batzuetan, tokira bertara joaten naiz, ikusizko informazioa jasotzeko eta adituekin solastatzeko. Laguntza handia izaten da hori. Prozesuak hainbat hilabete irauten du, eta bi edo hiru proiektutan aritu ohi gara batera.

Proiektu bakoitzerako, ikertzaile bat kontratatzen dut, eta haren parte-hatzea berebizikoa izaten da informazioa lortzeko, adituekin lan egiteko eta dena ondo egoteko. Lanak aurkezteko hainbat data izaten ditugu; horietan, proiektua hainbat fasetan erakusten dugu, eta hobetzen joaten gara, bukatu arte.

Adituek infografian kontatzen dugun guztia onartu behar izaten dute, publikatu aurretik.

Hamaika gai jorratu dituzu zure lanean. Zein gai iruditzen zaizkizu egokienak infografien bidez azaltzeko?

Inoiz ez duzu jakiten non aurkitu ahal duzun gai on bat, baina asko gustatzen zaizkit gai historikoak eta animaliei buruzkoak.

Zergatik omendu nahi izan duzu Bilbo?

George Stone Travler-eko zuzendariak aipatu zidan hiriak beste modu batera erakutsi nahi zituztela. Bazekiten Bilbokoa nintzena eta nire lana atsegin zuten; beraz, hiriari buruzko zerbait egitea eskaini zidaten, era guztiz librean.

Zergatik aukeratu zenuen koadroan ageri den eraikinetako bakoitza?

Campo Volantin pasealekutik ezaguna den ikuspegi bat sortu nahi izan nuen, eraikinak dauden tokian kokatuta, gutxi gorabehera: Zazpikaleak ezkerretara, Guggenheim erdian eta tigrearen eraikina eskuinetara.

Eraikin batzuk hautatu nituen, ez bainuen toki nahikorik sartu nahiko nituzkeen guztiak sartzeko…

Bilboko alkateak berak publikoki zoriondu zaitu. Espero zenuen lan honek horrelako oihartzunik izatea?

Ez, egia esan… Presioa nuen, nire hiria delako, eta espero nuen bilbotarrek gustuko izatea ilustrazioa, baina ez nuen uste horrelako arrakastarik izango zuenik.

Ezustean eta pozez hartu nuen Juan Mari Aburtoren deia. Oso gertukoa eta amultsua izan zen nirekin. Asko hunkitu ninduen jendearen erantzun positiboak.

Zer proiektu dituzu orain esku artean?

Bitxia bada ere, euskal herritarrei buruzko beste bat, euskal baleazaleen ingurukoa; neuk proposatu nuen, duela hilabete batzuk, oso gustuko baitut gai hori… Eta, gero, hegaztiei buruzko bat eta marmokei buruzko bat dauzkat. Denetarik, ikusten duzun bezala.