Itxi

kultura

2deo

Tabakalerak euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategia irekiko du 2019an

eitb.eus

2deok 500 metro koadro hartuko ditu Tabakaleran, eta bere helburua izango da euskarak leku hobea izatea ikus-entzunezko eduki berrien eremuan.

  • Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Markel Olano ahaldun nagusia eta Iban Arantzabal (2deo)

    Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Markel Olano ahaldun nagusia eta Iban Arantzabal (2deo)

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio 2deo euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko Tabakalerako laborategiari, eta 980.000 euroko diru-laguntza bideratuko du proiektu hori martxan jartzeko.

Iban Arantzabal arduratuko da 2deoren hasierako fasea koordinatzeaz, eta zentroak "ikus-entzunezko produktuetan euskarak leku handiagoa hartzea" izango du helburu.

EHUk Gipuzkoako Aldundiarentzat eginiko azterlan baten arabera, euskarazko edukirik ez dagoelako kontsumitzen dituzte gazteek gaztelaniazko ikus-entzunezko produktuak, eta 2deok hutsune hori betetzeko erronkari aurre egin nahi dio.

Laborategiari dagokionez, Aldundiak Tabakalerari emandako 980.000 euroko diru-laguntzatik 400.000 kultur zentroaren lehen solairuan egongo den laborategiko azpiegitura martxan jartzeko erabiliko dira.

“Laborategia datorren martxorako erabilgarri egotea espero dugu, eta ikasturte hasierarako hainbat arlotako lehen deialdiak egiteko moduan egongo gara”, azaldu du Iban Arantzabal 2deoren arduradunak.