kultura
Kultura sustatzeko
18 ikuskizun doan, 2011n 18 urte beteko dituzten bilbotarrentzat
Erredakzioa
'Kultura 18/K18' txartelarekin antzerki, dantza, opera, musika eta zinema emanaldiak doan ikusteko aukera izango dute Bilboko 2.500 gaztek. Gainera, % 50eko beherapena izango dute bigarren sarreran.
Aurten ere 18 kultur emanaldi doan ikusi ahal izango dituzte 2011n 18 urte beteko dituzten bilbotar gazteek. Bilboko Udalak Kultura 18/k18 txartela jarri du martxan berriz, gazteen artean antzerkia, dantza, opera, musika, zinema eta bestelako kultur adierazpenak sustatzeko.
2011n 18 urte beteko dituzten bilbotar gazteek www.kultura18.com webgunean eta 010 telefonoan eskatu ahal izango dute txartela. Baldintzak: Bilbon erroldatuta egotea eta 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 18 urte betetzea.
Aurreikuspenen arabera, 2.500 baino gehiago dira 2011n txartela jaso dezaketen gazteak. Txartelak, gainera, bigarren abantaila bat ere badu: onuraduna doan sartuko da ikuskizunera eta berarekin batera doan lagunak % 50eko beherapena izango du sarreran.
Hauxe da txartela duten gazteek doan eskuratu ahal izango duten kultur eskaintza:
Arte eszenikoak: Arriaga Antzokiak eta La Fundicionek antolatutako ikuskizunak, BAD eta Dantzaldia antzerki eta dantza garaikideko jaialdiak, OLBE-ABAOren opera denboraldia eta Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia.
Musika: BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuak, Musika-Música musika klasikoko jaialdia eta Bilbao 700 Fundazioak programatu dituen beste zenbait kontzertu, Musiketan folk musikako zikloa, Bilbaina Jazz Clubeko eta Udal Bandaren kontzertuak.
Ikus-entzunezkoak: Zinebi eta Fant zinema fantastikoari buruzko jaialdia eta Fas zine-klubak programatutako filmak.
Arte plastikoak eta ondarea: Bisitak Bilboko Itsasadarra Itsas Museora eta Bilboko Udaleko Kultura Sailak programatutako tailerretan parte hartzea.