Itxi

kultura

Kongresuan

Sinde Legea onartu dute azkenean

Erredakzioa

PSOE, PP eta CIU alderdien baiezko botoekin atera da aurrera, eta litekeena da udan hastea legea ezartzen. Legea babestu duten alderdiei maiatzean botorik ez emateko kanpaina hasi dute Interneten.

Sinde Legea ezartzen hasteko azken urratsa egin dute. Diputatuen Kongresuak onartu egin du Ekonomia Iraunkorraren Legearen azken xedapena, Sinde Lege gisa ezagutzen dena. Aldeko 323 boto izan ditu (PSOE, PP eta CIU), kontrako 19 jaso ditu (EAJ, ERC, BNG, ICV, UPyD eta CC), eta abstentzio bakarra izan da.

Kongresuak atzera bota zuen legea abenduaren 21ean, baina Senatuak berreskuratu zuen, Gobernuak, PPk eta CiUk adostutako zuzenketa bati esker. Egileen eskubideak dituzten edukiak ordenagailura jaisteko aukera ematen duten webguneak ixteko prozesuetan berme judizialak indartzen ditu testu berriak.

Behin onartuta eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, deskargei aurre egiteko araudia garatzen hasiko da Kultura Ministerioa. Legea udan sar liteke indarrean, Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministroak iragan astean aurreratu zuenez.

Protesta gehiago Sarean

Hainbat erabiltzailek protesta egin zuten joan den igandean, Goya sarien banaketa ekitaldian, Anonymous kolektiboak deituta, eta protesta horiek jarraipena izan dute gaur Sarean. Legea babestu duten alderdiei maiatzean botorik ez emateko kanpaina hasi dute Interneteko erabiltzaileek. nolesvotes.com atariak hauteskundeetan alderdi horiei babesik ez ematea eskatzen du, legea onartu dutelako. Webguneko kontagailuak 100.000 erabiltzaile zenbatu ditu dagoeneko.