kultura
Telebista
'La bola de cristal' saioko sintoniak Lolo Ricori azken agurra eman dio Donostian
Agentziak | Erredakzioa
Ekitaldia Rekaldeko beilatokian egin dute. Lolo Ricoren senitarteko eta adiskide ugari hurbildu dira.
-
'La bola de cristal' saioko sintoniak Lolo Ricori azken agurra eman dio Donostian. Argazkia: EFE
Lolo Ricoren senideak eta lagunak Donostian bildu dira astelehen honetan, 'La bola de cristal' saioko zuzendariari azken agurra emateko. Zeremonia zibila telebista programa ospetsuaren sintoniarekin amaitu da.
Bola garden bat aldarean izan da zeremonian. Ekitaldia Rekaldeko beilatokian egin dute, 16:00etan. Idazle eta kazetariaren gorpuzkiak bertara eraman zituzten, 84 urteko zuzendaria iragan larunbatean bihotzekoak jota hil ondoren. Rico Donostian bizi zen.
Lolo Ricoren senitarteko eta adiskide ugarik parte hartu dute azken agurrean. Besteak beste, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua hurbildu da. Emakume “aitzindari eta apartari omenaldia” egin diote guztiek.
Ekitaldian, Lolo Ricoren alabetako bik hitza hartu dute, “ezkerreko emakumea” gogorarazteko. Alaben hitzetan, “ez zuen ezeren eta inoren aurrean amore eman”, “beti eskuzabala” izan zen, “indarra eta talentua” biltzen zituen eta “matxinatzera”, nola edo hala borroka egitera, ezer ziurtzat ez jotzera, hanka-sartzeak onartzera eta hitzak, irudiak eta, batez ere, “sormena” maitatzera ikasi zuten berarekin.
Bola garden bat aldarean. Argazkia: EFE
Hildakoaren ilobek ere hitza hartu dute zeremonian, besteak beste, Nagua Alba Podemoseko diputatuak. Albaren ahotan, “adinekoentzako eta umeentzako telebista saiorik ez dagoela irakatsi zigun Lolo Ricok, txikienek ere pentsatzen dakitelako”.
Era berean, “etorkizuneko amona”, “pentsalari askeen belaunaldi baten ama” eta “jarraitzeko eredua” izan dela azpimarratu dute bilobek. Emakume “ausarta” izan zela nabarmendu dute. Berak utzitako “ondarerik onena pentsamendu kritikoa” izan dela uste dute. “Dagoen tokian dagoela, elektroiratxoek beti zainduko dute”, gaineratu dute.
'La bola de cristal'en sintoniarekin eta bertaratutakoak zutunik zirela bukatu da zeremonia. Maria Dolores Rico Oliver erraustu baino minutu batzuk lehenago egin dute ekitaldia.