Itxi

kultura

‘Lau Haizeetara’

XVI eta XIX. mendeen arteko milaka dokumentu eskura jarri ditu Bizkaiko Aldundiak

eitb.eus

Milaka dokumentu kontsultatu ahalko dituzte herritarrek Lau Haizeetara erremintaren bidez: obra inprimatuak, inkunableak, eskuizkribuak, kartografiak, eta grabatuak.

1:21
Balio handiko dokumentuak digitalizatu ditu Bizkako Foru Aldundiak

Bizkaiko Foru Aldundiak Lau Haizeetara plataforma digital berria aurkeztu du gaur, XVI, XVII eta XVIII. mendeetako obra inprimatuekin, inkunableen bildumarekin, eskuizkribuekin, XIX. mendeko obren aukeraketa zabal batekin eta kartografia eta grabatuekin osatutako bilduma.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, “Bizkaiko Foru Liburutegiaren aberastasun bibliografikoa eta dokumentala herritar guztien eskuetan jartzen du proiektu honek. Herritar guztiek balio historikoko 9.613.677 irudi digitalizatura iristeko aukera izango dute, edozein ordenagailu edo mugikor erabiliz”.

Bilbaok, halaber, adierazi du Lau Haizeetara “etenik gabe eta era egituratuan” eguneratuko dela. Era iraunkorrean, XIX eta XX. mendeetako erreferentzia bibliografikoak batzen joango da.

Liburutegi digital erraldoi honetan aurkitu eta ordenagailu edo telefonora jaitsi ahalko dira: El Quijote-ren lehen edizio bat; Bizkaiko Foru Liburutegiak dituen 47 inkunableak (XV. mendean inprenta agertu zenetik 1500 urtera arte inprimatu ziren liburuak). Halaber, XIII. mendetik gaur egunetara arte eskuz idatzitako liburuak biltzen ditu: Nafarroako La Oliva Monasterioko bi, 1203 eta 1204koak; 1636an Pedro de Texeira kosmografo portugaldarrak egin zuen mapa, Gipuzkoako itsasertza eta Donostia, Hondarribia, Pasaia eta Getariako portuak ilustratzen dituena; Astarloaren obrak; Unamunoren gutunak….

Bizkaiko Foruaren lehen edizioa ere dago ikusgai, Burgosen inprimatu zuena Juan de Juntak 1528an, edota euskaraz inprimatu ziren obrarik zaharrenak: Agustín Cardaberaz, Sebastián de Mendiburu, Juan Antonio Mogel, Axular...

Gordailura sartzeko, prestatu duten ataria erabil daiteke edo, bestela, Bizkaiko Foru Liburutegiaren atariko esteka edo bere katalogoa erabil daitezke.


  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Bizkaia
  • Kultura