kultura
Euskararen alde
'Zeu kalakari, gu kalakari': Korrika 17 helmugara, Donostian
Erredakzioa
Euskararen aldeko lasterketa amaitu zen atzo, Donostian. ETB-1eko 'Mihiluze' saioaren aurkezleek lekukoaren mezua irakurri zuten. Ekitaldiek eta musikariek giroa alaitu zuten egun osoan zehar.
10 eguneko lasterketa ondoren, euskararen aldeko Korrika 17 amaitu zen atzo Donostian. Euskal Herriko bazter guztietatik igaro eta gero, goizalde aldera Gipuzkoan sartu eta 08:30etan Donostiako kaleetan barrena ibili ziren euskalakariak, Antiguako auzotik sartu ostean. Azken kilometroetan, Donostiako erdiguneraino, AEK-ko ordezkariek eraman zuten lekukoa.
ETB-1eko "Mihiluze" saioko aurkezleak, Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano, izan ziren Donostiako Boulevardean Korrika 17ri amaiera eman lekukoaren barneko mezua irakurtzeko ohorea izan zutenak. Euskalakari izatea zer den azaldu du mezuak: "euskalakari gara euskara maitatzen, ikasten eta erabiltzen dugulako". "Poza eta haserrea, barreak eta malkoak, hori da euskara" irakurri zuten eta "euskaldunok leku bat behar dugu munduan" gehitu zuten. Sebastian Lizaso eta Sustrai Kolinaren bertsoekin amaitu zen ekitaldia.
Baina Donostiak jai giroan jarraitu zuen egun osoan zehar. Musika, haurrentzako ekitaldiak eta herri-bazkaria izan ziren, besteak beste.