kultura
Heriotza
'Chicho' Ibañez Serrador hil da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zinemagile eta telebista zuzendaria 83 urterekin zendu da Madrilgo erietxe batean.
-
Narciso 'Chicho' Ibañez Serrador. Artxiboko argazkia: EiTB
Narciso 'Chicho' Ibañez Serrador zinemagile eta telebista zuzendaria hil da ostiral honetan, Madrilen, 83 urte zituela, RTVEk jakinarazi duenez. Larri eraman dute ospitale batera eta bertan zendu da.
Urtarrilean, Ohorezko Goya saria eman zioten, baina ezin izan zuen golardoa jasotzeko ekitaldian parte hartu, osasun arazoak tarteko. Duela hiru egun Bartzelonako Zinematekak omenaldia egin zion, baina hara ere ez zuen joaterik izan.
Montevideon (Uruguai) jaio zen, 1935ean. Narciso Ibañez aktore eta antzerkigilearen eta Pepita Serrador aktorearen semea zen. Gaztetatik hasi zen ikuskizunaren munduan, eta Espainiara amaren antzerki konpainiarekin joan zen.
Ondoren Argentinan aritu zen, aitarekin batera, irratian eta telebistan. 1963an Espainiara bueltatu zen eta RTVEn hasi zen lanean. Han egin zuen bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena.
Telebista berak modernizatu zuela esan ohi da, besteak beste, 'Historias para no dormir' edo 'Un, dos, tres… responda otra vez' bezalako telesail eta programei esker.