Itxi

kultura

Ekainak 29

'Obabakoak' antzezlana euskaraz, larunbatean Stuttgarteko Antzoki Nazionalean

Agentziak | Erredakzioa

Emanaldiaren aurretik, Calixto Bieito moldaketaren egileak eta Bernardo Atxaga jatorrizko eleberriaren egileak hitzaldia eskainiko dute Alemaniako hirian.

  • 'Obabakoak'

    2017ko udazkenean estreinatu zuen Arriagak 'Obabakoak' eleberriaren moldaketa

Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendari artistiko eta antzerkigileak egindako "Obabakoak" Bernardo Atxagaren eleberriaren antzerkirako moldaketak Alemaniara egingo du salto, eta antzezlanaren euskarazko emanaldi bat izango da larunbatean, ekainaren 29an, Stuttgarteko Antzoki Nazionaleko Schauspiel Stuttgart espazioan.

Arriaga antzokitik jakinarazi dutenez, emanaldia 19:30ean hasiko da eta alemanezko azpitituluak izango ditu. Gainera, emanaldiaren aurretik, 18:00etan, Calixto Bieitok eta Bernardo Atxagak "Obabakoak" lanari buruzko solasaldia eskainiko dute.

"Obabakoak"en moldaketa 2017ko udazkenean estreinatu zuten Arriagan bertan.

Obrak 11 euskal antzezle bilduko ditu: Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Iñake Irastorza, Lander Otaola, Idoia Merodio, Eneko Sagardoy, Ylenia Baglietto, Miren Gaztañaga, Ainhoa Etxebarria, Koldo Olabarri eta Karmele Larrinaga. Jatorrizko antzezle taldean Gurutze Beitia zegoen, baina agenda arazoak bitarte ezingo du Stuttgarten bere rola bete eta bere ordez Idoia Merodio antzezleak egingo du.