Itxi

kultura

Internet

Euskarazko Wikipediak 30 milioi bisitari izan zituen 2018an

eitb.eus

2.500 unibertsitate ikasle inguruk ia 800 artikulu berri sortu eta 1.200 inguru hobetu dituzte bi urtean. Artikulu kopuruari dagokionez, 29. hizkuntza da euskara Wikipedian.

  • Euskarazko Wikipediaren egoera azaltzeko prentsaurrekoa

    Wikilarien elkarteko, Jaurlaritzako eta EHUko ordezkariek azaldu dute euskarazko Wikipediaren egoera

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak 2017an sinatu zuten hitzarmenari esker, 2.500 ikasle inguruk ia 800 artikulu berri sortu dituzte Euskarazko Wikipedian eta beste 1.200 inguru hobetu dituzte azken bi ikasturtean.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Euskal Wikilarien Elkarteko kideek eta Jon Zarate EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak dinamika horren berri eman dute gaur, Bilbon.

“Ingurune digitala eremu estrategikoa da euskararentzat, eta Euskarazko Wikipediaren inguruan bultzatzen ari garen elkarlana eredugarria gertatzen ari da. Hori zen lankidetza honen helburua: kalitatezko eduki digitalak euskaraz ere eskaini ahal izatea”, adierazi du Zupiriak.

Iaz, 30 milioi bisita izan zituen Euskarazko Wikipediak (2017an baino 5 milioi gehiago).

Lankidetza

Guztira, bi ikasturtetan EHUko 2.000 ikasle inguruk hartu dute parte Euskarazko Wikipedia osatzeko proiektuan, euskal wikilarien elkartearekin lankidetzan, eta gainerako unibertsitateetako beste 200 ikaslek eta batxilergoko beste 300ek ere parte hartu dute proiektuan.  2.500 ikasle horiek 2.410.000 hitz gehitu dizkiote euskarazko Wikipediari

Euskarazko Wikipedia

Wikipedia 302 hizkuntzatan argitaratzen da, 2003tik euskaraz ere. Euskarazko Wikipediak 336.000 artikulu ditu gaur eta, iaz 30.000.000 bisita izan zituen.

Artikulu kopuruaren arabera, Euskarazko Wikipedia 29 postuan dago, malaysiera, turkiera eta armenieraren aurretik (orain bi urte, 31. postuan zegoen).

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu zuen 2017an Euskal Wikilarien Kultura Elkartearekin, euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko asmoz. Akordio horren arabera, Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro inbertituko zituen, urtero, hiru urtez luzatuko zen proiektua honetan.