Itxi

kultura

Ahozko aldaerak

'Herri Hizkeren Atlasa'ren III. liburukia aurkeztu du Euskaltzaindiak

Erredakzioa

Euskararen herri hizkera jasotzea eta kultur ondarea berreskuratzea da atlasaren helburu nagusia. Landareak, fruituak eta etxe-abereak jorratu dituzte hirugarren lan honetan.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren hirugarren liburukia aurkeztu du Euskaltzaindiak. EHHAren III. atal horretan 271 kontzeptu bildu eta landu dituzte, guztiak lexikoari buruzkoak, bi multzotan banatuta: batetik, lurretik erne eta hazten diren landare eta fruituen ingurukoak; eta, bestetik, etxe-abereei buruzkoak.

Oraingoz, bi euskarritan eskainiko dute lana: paperean eta CD formatuan. Aurrerantzean Sarean jartzeko asmoa ere badute.

2010eko apirilean aurkeztu zituzten EHHAren I. eta II. liburuak, eta, aurreko biak bezala, Euskadiko Kutxaren babesarekin argitaratu dute hirugarren hau ere.

Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Egibar Euskadiko Kutxaren ordezkaria, eta Adolfo Arejita eta Xarles Videgain lanaren arduradunak izan dira aurkezpenean. Arejita argitalpenaren zuzendari akademikoa da, eta Videgain, berriz, arduradun teknikoa, Gotzon Aurrekoetxearekin batera.

''''Nekazaritzari eta abelazkuntzari loturiko gizartea txikitzen eta zahartzen joan da, eta hiritarra handitzen. Gainera, euskarazko mintzagaiak zeharo aldatu dira'''', azaldu du Arejitak. ''''Herri Hizkeren Atlasa-k galdetu eta bildu dituen izen asko edo galduak edo galzorian dira, bizimodu aldaketa bizkorraren ondorioz'''', gaineratu du. ''''Horretan datza, besteak beste, atlas honen garrantzia: herri-hizkera tradiziozkoaren ezaguera bermatzea, eta birrerabilera ere, dagokion kasuan, erraztea'''', esan du.

145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko
1984an ekin zien Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren prestatzeko lanei. Inkestak 1987an hasi ziren, eta 1992an amaitu. Urte horietan Euskal Herriko 145 herri bisitatu zituzten, 2.857 itaun egiteko. Guztira 320 pertsonaren ahotsa grabatu zen, eta, inkesta egiteko, adineko pertsonak aukeratu zituzten, sortzez eta familiaz tokian tokikoak, bai eta herritik kanpoan gutxi ibiliak ere. Herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu zituzten, eta Euskaltzaindiak 4.000 ordutik gora ditu bilduta guztira (batez beste 27 ordu herriko).