Itxi

kultura

Bertsolari Txapelketa

Beñat Gaztelumendik jantzi du Gipuzkoako txapela bigarrenez

eitb.eus

6.000 bat pertsona elkartu dira Illunben. Bigarren lekuan Agin Laburu sailkatu da.

3:00
Beñat Gaztelumendi

Beñat Gaztelumendi añorgarrak bigarrenez irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Donostiako Illunben jokatutako finalean. 6.000 bat pertsona elkartu dira Illunben. Bigarren lekuan Agin Laburu sailkatu da. Biek jokatu dute buruz burukoa.

Hainbat ariketa egin dituzte bertsolariek lehenengo atalean, eta zati hori bukatuta Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi sailkatu dira bigarren atalera, buruz burukoa jokatzera. Azkenean, Gaztelumendik jantzi du txapela.

Txapeldunari Xabier Gaztelumendik, aitak, jantzi dio txapela. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak "urte luzetan egindako borondatezko lan isila" aitortu eta eskertu nahi izan dio Xabierri keinu honekin, Bertsoa atariak jakitera eman duenez.

Bestalde, Pello Errota eta Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrak omendu ditu aurten txapelketak, eta Mikaela Kortajarenak, Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarraren bilobak, eman ditu banatu diren sarietako bi.

Bertsozale Elkartetik zuzendaritzako kide diren Saroi Jauregik eta Xabi Igoak eman dituzte sariak, eta Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuen Karidadeko Benta taldeko Unai Mendizabalek eta Igotz Alkortak ere bai.

Gai emaile eta aurkezle lanetan Ion Zaldua Brit eta Itziar Etxezarreta Arakistain aritu dira. Epaimahaia, aldiz, hurrengoek osatu dute: Amaia Otxotorena Gamio, Eneritz Azkue Basurko, Maite Sukia Olano, Mikel Beloki Urkizu, Mikel Lersundi Ayestaran eta Zigor Leunda Eizmendi.

Idazkari lanetan Joxemari Altuna Berridi, Silvia Etxaniz Alberdi eta Gorka Segurola Dorronsoro aritu dira.

Hau izan da puntuazioa eta sailkapena:

1. Beñat Gaztelumendi Arandia: 940,5

2. Agin Laburu Rezola: 916

3. Alaia Martin Etxebeste: 576

4. Nerea Elustondo Plazaola: 565,5

5. Oihana Iguaran Barandiaran: 560

6. Ane Labaka Maioz: 552

7. Beñat Lizaso Alberdi: 541

8. Jon Maia Soria: 533