Itxi

kultura

Bisita

Diseinuaren munduko hiriburuaren batzordea, harrituta Bilborekin

Erredakzioa

Bi egunetan, Bilboko hautagaitzaren oinarriak ezagutu dituzte. Batzordeko kideen ustez, ''izugarria'' da Bizkaiko hiriburuak azken urteotan izan duen eraldaketa.

96
Diseinuaren hiriburua: Balorazio positiboa egin dute batzordeko kideek

World Design Capital-eko (WDC) Batzorde Antolatzailearen ordezkaritza bat bisitan izan da egunotan Bilbora, bertako hirigintza-berroneratze prozesua bertatik bertara ezagutu, eta diseinuak Bilboko, Bizkaiko eta Euskadi osoko lehiakortasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko hartu duen garrantzia egiaztatzeko asmoz.

Diseinuaren munduko hiriburua aukeratzen duen batzordeko bi kide izan dira gurean, Martin Darbyshare, Tangerine aholkularitzako enpresako zuzendari nagusia, eta Dilki de Silva, Industria Diseinuaren Sozietateen Nazioarteko Batzordeko (ICSID) idazkari nagusia.

Batzordeko kideek aintzat hartu dute Eusko Jaurlaritzak proiektuari emandako babesa. Asteazken honetan prentsaurrekoa egin dute Bizkaiko hiriburuan, eta ''''izugarri''''tzat jo dute Bizkaiko hiriburuak azken urteotan izan duen eraldaketa. Martin Darbyshare batzordeko kideak esan duenez, agerikoa da Bilboko ordezkaritzak saria lortzeko ''''ilusioa'''' duela.

Astelehen arratsaldez iritsi ziren Bilbora, eta atzoko eta gaurko egunak 2014ko Diseinuaren Munduko Hiriburu bihurtzeko Bilboren hautagaitza osatzen duten ardatz eta jarduerak ezagutzen eman dituzte. Besteak beste, Guggenheim Museoa, Iberdrola Dorrea, Euskalduna Jauregia, Abandoibarreko unibertsitate instalazio berriak ( EHUko Paraninfoa eta Deustuko Liburutegia), Bilboko Alondegia, Bilbao Exhibition Center erakustokia, BilbaoArte, Miribillako kirol instalazio berriak (Bizkaia Frontoia eta Bilbao Arena) eta Plentziako Itsas Unibertsitatea eta Itsaspeko Ardandegia bisitatu dituzte WDCren Batzorde Antolatzailearen ordezkariek.

Bilbo, finalista

2014an Diseinuaren Munduko Hiriburu izateko hautatuen artean dago Bilbo, Lurmutur Hiria (Hegoafrika) eta Dublin (Irlanda) hiriekin batera. 24 herrialdetako 56 hirik aurkeztu dute hautagaitza, eta, horien artean, hiru finalista aukeratu dituzte, tartean Bizkaiko hiriburua.

Datorren urriaren amaieran Taiwanen egingo den Diseinuaren Nazioarteko Erakusketaren ekitaldian emango dute jakitera zein izango den 2014an Diseinuaren Munduko Hiriburua.

Diseinuaren Munduko Hiriburu saria bi urtean behin banatzen du Montrealen (Kanada) egoitza duen Industria Diseinuaren Sozietatearen Nazioarteko Kontseiluak, eta Turin (lehen edizioan, 2008an), Seul (2010ean) eta Helsinki (2012an) hiriburuek jaso dute orain arte.

Ekimenak, besteak beste, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du, Udalak ohar baten bitartez jakinarazi duenez. Bilboren hautagaitza diseinuaren munduko erakunde eta pertsona ospetsu askok bermatu dute, Miguel Sebastian eta Trinidad Jimenez Industria eta Kanpo Harremanetarako ministroek, Philippe Starck diseinatzaileak eta Norman Foster eta Toshiko Mori arkitektoek, esaterako.