Itxi

kultura

Ostiraletik aurrera

'Kulturunea' kontzertu sorta, streaming bidez, EiTBren eta Vital Fundazioaren eskutik

EiTB

Belako, Mikel Erentxun, Liher, Gari, Modus Operandi, Eñaut Elorrieta, The Soulbreaker Company, Iñaki Palacios eta bere Banda, Moonshine Wagon, Xabi Solano eta Mikel Urdangarin arituko dira.

1:28
Streaming bidez eskainiko dira kontzertuak

Ostiral honetan, maiatzaren 22an, "Kulturunea" programa jarriko da abian: euskal artisten kontzertu sorta, streaming bidez, Vital Fundazioaren webgunean (www.fundacionvital.eus) eta eitb.eus-en, Kultura zuzenean atarian, Vital Fundazioaren eta EiTBren arteko lankidetzari esker

Belako, Mikel Erentxun, Liher, Gari, Modus Operandi, Eñaut Elorrieta, The Soulbreaker Company, Iñaki Palacios eta bere Banda, Moonshine Wagon, Xabi Solano eta Mikel Urdangarin izango dira Vital Fundazio Kulturunetik zuzenean eskainiko diren kontzertuak ziklo honetan. Emanaldiak Ilaski Serrano EiTBko kazetariak aurkeztuko ditu, eta udan ETB1en izango dira ikusgai. Vital Fundazioak ahalegin berezia egin du kartelaren ia erdia, hamaikatik bost, Arabakoak edo Araban errotutako musikariak izateko. 

"Kulturunea" ostegun honetan aurkeztu dute, Gasteizen, Vital Fundazioaren Kulturunean. Bertan izan dira Jon Urresti Vital Fundazioko presidentea, Edu Barinaga Euskal Telebistako zuzendaria, Ilaski Serrano kontzertuen aurkezlea, Iñaki Palacios musikaria, Jony Moreno The Soulbreaker Company taldeko kidea eta Goiatz Dutto Moonshine Wagon taldeko kidea. 

Vital Fundazioaren eta EiTBren arabera, kulturaren alorra derrigorrez gelditu den honetan, sareko "Kulturunea" ekimenak leiho bat irekitzen dio zuzeneko musikari. EiTB eta Vital Fundazioa bat etorri dira esaten aukera ezin hobea dela artearen mundua sustatzeko eta dinamizatzeko, eta publikoa berriz erakartzeko. Gaur egungo euskal artistarik onenetako batzuk, estilo eta genero desberdinetako musikariek, joko dute "Kulturunea"n. Bihartik aurrera, 21:00etan, Internet bidez abiatuko da saioa. 

Jarraian, bihartik igandera bitartean parte hartuko duten musikarien azalpen laburra: 

Belako (maiatzaren 22an, 21:00etan) 

Belako Cris Lizarraga, Josu Ximun Billelabeitia, Lore Nekane Billelabeitia eta Lander Zalakain dira. Mungiatik datoz, eta Iberiar penintsulatik, merkatu anglosaxoi eta latinoetan nazioarteko proiekzio handiena duen banda gisa aurkezten dira. Nick Cave, Elvis Costello, The XX eta Liam Gallagher bezalako artistekin partekatu dute agertokia. Besteak beste, RNEko Ojo Crítico saria, errebelazio taldearen Rolling Stone saria, penintsulako zuzeneko onenaren Iberian Music Awards saria eta abar irabazi dituzte. 

2020an Plastic drama aurkeztuko dute, Belako Rekordsek autoekoitzitako albuma, eta, agian, taldearen izenbururik handinahiena, gogoetatsuena eta, batez ere, aldarrikatzaileena. 

Mikel Erentxun (maiatzaren 23an, 21:00etan) 

Mikel Erentxun abeslari, musikari, konpositore eta sortzailea Donostiatik dator. Duncan Dhu taldean bost disko arrakastatsu argitaratu eta ehunka kontzertu eman ondoren, Mikelek bakarkako ibilbideari ekin zion. 

Mikel nekaezina errepidean dabil beti, eta formatu ezberdinetan eskaintzen ditu kontzertuak, garaietara egokitzeko. El último vuelo del hombre bala, 2019an kaleratua, bere hamabosgarren diskoa da. Lan berri horrekin, Paco Loco Cadizeko ekoizlearekin egindako trilogia osatu nahi du Mikel Erentxunek. 2015ean Corazones eta 2017an El hombre sin sombra argitaratu zituen, publikoak eta kritikak goratutako albumak. Bi lanak album onenaren Rock kategorian izendatu zituzten, Latin Grammy sari ospetsuetan. 

Liher (maiatzaren 24an, 20:00etan) 

Liher euskal taldea Hemen herensugeak daude izeneko hirugarren LParekin itzuli da. 14 abestiz osatutako transmedia proiektua da, eta musika, ilustrazioa, narrazioa eta ikus-entzunezko materiala batzen ditu. Pieza horien guztien batuketak fikziozko istorio bat kontatzen digu, emakumearen maitasuna, indarkeria eta bakardadea gai nagusitzat hartuta. 

Liher proiektua 2015ean hasi zen martxan. Lide Hernandok, orain taldeko abeslari eta gitarrista denak, Arrazoi gutxi, denbora asko izeneko bakarkako maketa atera zuen. Proiektuak hilabete gutxi behar izan zituen banda bihurtzeko, eta gaur egun Iñigo Etxarri (gitarra, koroak), Joshka Natke (baxua, koroak) eta Ander Berzosa (bateria) dira laukotea osatzen dutenak.