Itxi

kultura

Landare inbaditzaileak

"Landare inbaditzaileak" arrazakeriaz ari dira Yurshanskyren artelenetan.

Ez dagokien lekuan dauden landareen zerrendak eta haiek Kaliforniara eraman zitutzen pertsonen istorioak lotuz egin du sormen lana Jenny Yurshansky Kaliforniarrak. Haizea Barcenillak aurkeztu digu.

  • Landare inbaditzaileak Kalifornian

    Landare inbaditzaileak Kalifornia

    8:21 min
imagen player
imagen player
imagen player

Yurshanskyren interesa piztu zuen 2009an Kalifornian argitaratu zen Landare Inbaditzaileen Zerrenda batek, 600 landare desberdin elkartzen zituenak. Hauek ziren Kalifornian jaio beharrean, beste leku batzuetatik eramandakoak, nahiz eta batzuk bi mende baino gehiagoz iritsi bertara. Horien artean batzuk bertako ekosistemak kaltetzeko arriskua dute eta beste batzuk, aldiz, erabat egokitu dira Kaliformiako ekosisteman. Galdera batzuk piztu zizkion zerrendak artistari: noiz uzten dio landare batek "inbaditzaile" izateari? Eta nola iritsi ziren landare guzti hauek leku oso urrunetatik, zein historia eta istorio ezkutatzen da haien atzean? Azkar konturatu zen Yurshansky landareen istorio hauek ez zirela soilik botanikoak; migrazioaren istorioak ere baziren, landare horiek Kaliforniara emigratutako jendearekin etorritakoak baitziren gehienetan. Eta paralelismo argia ikusi zuen ere bertakoa zein den eta zein ez den kontsideratzearekin. Lau urtez ikerketa egin zuen artistak, leku desberdinetan: Harvardeko bilduma botanikoan; Kaliforniako hainbat unibertsitateetan eta parke botanikoetan; eta atzerriko zenbait lekuetan, hainbat landareen jatorria bilatu nahian (Israelen eta Japonian, esate baterako). Zerrendako 133 landare aurkitu eta identifikatu zituen eta Kaliforniara nola iritsi ziren ikertu zuen, eta oso istorio interesgarriak zituztela ikusi.

Kalifornian, 11 milioi biztanle atzerrian jaiotakoak dira. Estatu Batuetako gainerako estatuetan baino %27 gehiago dira Kalifornian inmigranteak. Honek behar bada, lagunduko digu hobeto ulertzen Yurshanskyren landare inbaditzaileetarako interesa, ze berak lotu egiten ditu neurri batean, atzerritik iritsitako landare eta biztanleak. 

Proiektuak pausu desberdinak izan zituen eta forma desberdinak hartu zituen ere, baina azken emaitza, iraunkorrena dena, argitalpen bat da. Kutxa bat da, non artistak 133 landare horien fitxak bildu dituen: silueta eta fitxa teknikoa agertzen da, eta horiekin batera, bakoitzarentzat testu bat, bere historiarekin lotuz eta giza izaera bat emanez: bidai-deskribapenak dira batzuetan, poemak besteetan, etxera idatzitako eskutitzak ere... Landare horiek eta ekarri ei dituzten pertsonak bateratzen ditu, eta landareen hitzetan jartzen ditu pertsonanak ere izan zitezkeen bizipenak eta sentimenduak.

Honela, Yurshanskyk landareen katalogazioaren atzean dagoen pentsamendua bistaratzen digu, sistema baten adierazgarria dela erakutsiz: bertakoa eta jatorrizkoa dena, eta kanpotarra eta lekuz kanpokoa denaren kontakizuna eraikitzen du, eta landareetan ezezik, gizakiengan ere isla duen katalogazioa dela erakusten digu. Beraz, baldintzapen botanikoei historiko, kultural eta politikoak gainjartzen zaizkiola erakusten digu.