kultura
#BilbaoUda2020 programa
Bilboko Udalak 150 kultura ikuskizun eskainiko ditu udan
eitb.eus
Ekainean, uztailean eta abuztuan, antzerkia, dantza, bertsolaritza eta musika izango dira hiriko barruti guztietan, unean uneko osasun protokoloetara egokituta.
Bilboko Udalak #BilbaoUda2020 ekimena aurkeztu du gaur goizean, udarako aisialdiari eta kulturari lotutako 150 jarduera baino gehiago biltzen dituen proposamena. Udalak osasun neurriak beteta (formatu txikiko proposamenak izango dira, edukiera mugatuta egongo da eta publikoa eserita), “auzoak musikaz, antzerkiz, dantzaz, magiaz eta literaturaz bete” nahi ditu.
Arte eszenikoen doako 64 emanaldi programatu dituzte udarako, 18 euskal konpainiaren eskutik: Gag Street Boys, Goitibera, Intujai Teatro, Hortzmuga Teatroa, Trapu Zaharra eta Markeliñe (kaleko antzerkia); Malas Compañías Zirko Taldea, The Funes Troup eta Hutsun + Ortzi (zirkua); Tor Magoa eta D’Albeniz (magia); Kukai Dantza, Natxo Motero_Danza eta Nerea Martínez + Ana Capilla (dantza); Eidabe, Panpotx Kultura Taldea eta Trakamatraka (musika); eta Monda Lironda Pailazoak (clowna).
Bidebarrieta Kulturguneak literaturaz eta musikaz gozatzen jarraitzeko aukera emango du udan. Uztailean eta abuztuan, astean bi arratsaldetan, idazleen arteko topaketak antolatu dira: Karmele Jaio, Toti Martinez de Lezea, Kirmen Uribe… Gainera, Mikel Erentxun, Mikel Urdangarin eta Baleen Lobak, besteak beste, agertoki berezi horretan musika jartzeaz arduratuko dira.
Musikak leku gehiago ere izango du #BilbaoUda2020 programan: Bilbao Distrito Jazz programa, hiriko jazz taldeen zortzi kontzertu…
Halaber, Karmelo plazak, Euskal Museoaren atariak, Bidebarrietako Liburutegiak eta San Pedro plazak bertso-saio bana hartuko dute uztailean eta abuztuan zehar: Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Maddalen Arzallus, Onintza Enbeita…
Txistularien Bandak eta Udal Musika Bandak ere hartuko dute parte #BilbaoUda2020ko programazioan, uztailean eta abuztuan.
Gainera, Arriaga Antzokiak, Azkuna Zentroak, Bilbao Artek, Bilboko Elkarte Filarmonikoak eta beste espazio batzuek ere eskaintza zabala jarriko dute herritarren eskura uda aldean.