kultura
Zinea
EITBk eta Donostiako Zinemaldiak lankidetza hitzarmena berritu dute
Erredakzioa
Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak eta Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak lankidetza hitzarmena berritu dute.
Itun honi esker, EITBk, telebista irrati eta internet bidez, Zinemaldiaren jarraipen zabala egingo du hedabide guztietan eta EITB Zinemaldiaren kolaboratzaile izatea ez ezik, Zinemira-Euskal Zinearen Panorama sailaren babesle izateari eutsiko dio. Aurten, gainera, Zinemaldiaren baitan El precio de la libertad telebistarako filma estreinatuko da.
Zinemaldiari jarraipena EITBn
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren berri zabal emango du Euskal Irrati Telebistak, ETB, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea eta eitb.com-en. Irailaren 16an hasiera ekitaldia eskainiko du ETB-1ek. Glenn Close aktoreari emango zaion Donostia Saria ere ikus ahal izango da ETBn hilaren 18an eta irailaren 24an aurtengo Zinemaldiari agur esateko gala eskainiko dute. Ikuskizun berezi hauek telebistaz ez ezik eitb.com-ek ere zuzenean emango ditu.
'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegien edizio guztietan eta 'Euskadi Directo'n zinema-jaialdiari tarte berezia eskainiko diote. Ekitaldiak izaten diren tokiekin konexioak egingo dituzte zuzenean eta erreportaje zabalak prestatuko dituzte. 'EITB Kultura' berezia ere izango dugu ikusgai.
Zinemaldiaren inguruko edukiak telebistako beste saioen bitartez ere zabalduko dira, eta Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere adi-adi jarraituko dute bederatzi egunetan Donostian gertatuko den guztia.
EITBk Zinemaldian emango diren zenbait filmetan parte hartzen du
Aurten ere, Zinemira-Euskal Zinearen Panorama sailaren babesle da EITB. Gainera, ETBk Zinemaldian aurkeztuko diren zazpi euskal produkziotan parte hartu du. Zinemira saileko bost pelikuletan egongo da: Arriya, Un mundo casi perfecto, Naufragio, Bi Anai eta El último paso. Horrez gain, beste bi filmetan ere egongo dra: lehiaketaz kanpo aurkeztuko den Bertsolari-n eta Zabaltegin emango den Urte berri on, amona.
El precio de la libertad
Zinemaldiaren baitan, berriz, Ana Murugarrenek ETBrako egindako El precio de la libertad telebistako filmaren estreinaldia izango da. Mario Onaindiaren bizitza ardatz duen lan honen aurkezpena irailaren 19an egingo da Victoria Eugenia antzokian.
Joaquin Trincado da ekoizlea, Luis Marias gidoigilea eta Ana Murugarren egilea. 80 eta 90. hamarkadan elkarrekin jardun ziren zenbait zine proiektu ezagunetan, Todo por la pasta filmean esaterako. Oraingo honetan, Carlos Gusi Celda 211 filmaren argazki zuzendaria ere eurekin aritu da.
Aktore taldean, berriz, Quim Gutierrezek Mario Oraindiarena egiten du, Andres Herrera da Teo Uriarte, Mikel Losada Txutxo Abrisketa eta Leyre Berrocal Esozi Leturiondo. Horrez gain, Chete Lerak Isidro Infante hezurmamitzen du, Xavi Boadak Roson ministroa eta Patricia Urrutia, berriz, Ustaranen emaztea da. Horiek dira, besteak beste, aktore nagusiak, baina beste zenbait aktore ezagunek osatzen dute lan-talde zerrenda.