Itxi

kultura

Arriaga Antzokia

Arriaga Antzokiak 'Cruz de Navajas' ikuskizuna eskainiko du abuztuaren 20tik aurrera

EITB.EUS

'Billy Elliot, el musical' lanaren ekoizleetako batek sortutako superprodukzioa da. Sarrerak uztailaren 2an jarriko dira salgai, eta ikuskizuna abuztuaren 20an estreinatuko da.

  • Cruz de Navajas ikuskizuna. Irudia: Arriaga Antzokia.

    Cruz de Navajas ikuskizuna. Irudia: Arriaga Antzokia.

Arriaga Antzokiak Cruz de Navajas ikuskizuna eskainiko du udan. Mecano musika taldea omentzen eta aintzatesten duen showa da, eta abuztuaren 20tik irailaren 13ra arte egongo da antzokian ikusgai, #BilbaoUda2020 ekimenaren barruan. 

Egungo egoeraren ondorioz, ezinbestekoa izango da publikoak maskara erabiltzea eta ezarritako garbitasun- eta segurtasun-neurriak jarraitzea. Gainera, abuztuaren 20tik aurrera, Cruz de Navajas estreinatzean, Arriaga Antzokiaren edukiera % 60koa izango da.

Cruz de Navajas Mecano taldearen musika omentzen duen ikuskizun musikala da, baina planteamendu desberdina izango du. Ikuskizun horrek Mecano taldearen musikarik onena eskaintzea du helburu, puntako teknologia eta interpreteen talentu eta sentsibilitatea uztartuta.

Goi-mailako produkzioa 

Gonzalo Pérez da Cruz de Navajas ikuskizunaren sortzailea, sustatzailea eta ekoizlea. Espainiako Estatuan entretenimenduaren industrian erreferentetzat jotzen da, Billy Elliot, el musical ikuskizunaren ekoizleetako bat izateaz gain, West Side Story eta Priscilla ikuskizunetan ere parte hartu zuen.

Musika eta dantza dira Cruz de Navajasen oinarri nagusiak. Musika-tresna anitzekin arituko diren 10 musikarik zuzenean joko dute, eszenografian bertan integratuta, ikus-entzuleen aurrean, kontzertu bat balitz bezala. Musika moldaketei ahotsa jartzearen arduradunak talentu handiko zortzi abeslari izango dira, eta 12 dantzari profesional izango dituzte lagun.

Sarrerak, bihartik aurrera salgai

Uztailaren 2an jarriko dira salgai Cruz de Navajas ikuskizunerako sarrerak ohiko kanalen bidez: www.teatroarriaga.eus eta antzokiko lehiatiletan. 24 eta 55 euro artean izango dira salgai, eta, ohi legez, hainbat beherapen eskainiko dira. Gainera, ostegunetik aurrera promozio berezi bat izango da indarrean, uztailaren 12ra arte. Ordura arte erositako sarrera guztiek % 20ko beherapena izango dute.