Itxi

kultura

Argazkilaritza

Carlos Canovas argazkilariak irabazi du 2020ko Vianako Printzearen Kultura saria

Agentziak |Erredakzioa

Talentu Artistikoaren Promozio Saria, berriz, Iban Carmonak irabazi du, Iruñean jaiotako eta Noainen bizi den 28 urteko gazte musikariak.

  • Carlos Cánovas. Irudia: Nafarroako Gobernua.

    Carlos Cánovas. Irudia: Nafarroako Gobernua.

Carlos Canovas argazkilaria 2020ko Kulturaren Vianako Printzea irabazteko hautagai bezala proposatu du Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluak.

Rebeca Esnaolak, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak, prentsaurreko batean azaldu duenez, Nafarroako Ateneoak aurkeztu zuen Canovasen hautagaitza, argazkilaritza eta kultura arloko profesionalen babesarekin.

Talentu Artistikoaren Promozio Saria, berriz, Iban Carmonak irabazi du, Iruñean jaiotako eta Noainen bizi den 28 urteko gazteak. Sailburuak adierazi duenez, "musikari aktiboa eta sortzailea da, eta biolontxeloan eta kontrabaxuan espezializatua izateaz gain, Suakai enpresaren sortzaileetako bat ere bada”.

Canovas argazkilariak ibilbide luzea du, Nafarroako Ateneoaren arabera, "profesional ezagun eta miretsia bihurtu da urte hauetan guztietan, bere lanak museoetan, arte zentro nafar eta nazionaletan daude ikusgai, eta obra iraunkorrak ditu horietako askotan".

Nafarroako Gobernuak, Canovasekin adostuta, hedapen-proiektu bat egingo du, 20.000 eurokoa. Carmonaren kasuan, bere proiektu artistikoetako bat erakutsiko da 2021ean zehar.

Covid-19aren ondorioz oraindik sariak emateko datak zehazteko badaude ere, antolatzaileek aurrez aurre izatea espero dute. Gainera, Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak Arte Ederren Urrezko Dominak Iruñean emateko asmoari eusten dionez, ekitaldiak elkarren artean "eklipsatzen" ez dituzten datak bilatuko dituztela azaldu du kontseilariak.

Espainiako errege-erreginak Vianako Printzea sariaren banaketan izango diren ala ez galdetuta, kontseilariak  esan du oraindik "ekitaldia bera finkatu edo diseinatzeke" dagoela, eta, beraz, "oraindik ez dugu ezer aurreratuko haren ospakizunari edo gonbidapenari buruz inongo informaziorik".