Itxi

kultura

Heriotza

Juan Marse idazlea hil da 87 urte zituela

Agentzia | Erredakzioa

Azken hamarkadetako literaturan figura oso garrantzitsua izan da. Marsek hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Biblioteca Breve, Planeta eta Nacional de Narrativa.

  • Juan Marse idazle, gidoilari eta kazetaria. Argazkia: EFE

    Juan Marse idazle, gidoilari eta kazetaria. Argazkia: EFE

Juan Marse (Bartzelona, 1933) idazle, gidoilari eta kazetaria hil da Bartzelonan 87 urte zituela, Balcells literatura agentziak jakitera eman duenez. 2008an Cervantes saria eman zioten.

Azken hamarkadetako literaturan figura oso garrantzitsua izan da. Marsek hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Biblioteca Breve, Planeta eta Nacional de Narrativa.

Juan Faneca zen bere benetako izena. Ama erditzean hil ondoren, Bartzelonako Gracia auzoko familia batek semetzat hartu zuen. Orduan hartu zuen Marse abizena.

13 urte zituela ikasketak utzi zituen bitxi-denda batean lan egiteko. Oso gaztetan egin zituen aurreneko pausoak literatura munduan, konkretuki ipuin eta kontakizunekin. 1958an Sesamo de Cuentas saria irabazi zuen 'Nada para morir' lanarekin.

Hala ere, literatura lanean ez zen erabat murgildu. 1960an Parisera joan zen gaztelania irakasle, film itzultzaile, gidoilari eta Pasteur Institutuko Biokimika alorrean laborategi laguntzaile bezala lan egiteko.

1965ean, 'Ultimas tardes con Teresa' lanari esker, bitxi-saltzaile ogibidea utzi zuen Marsek, literaturari, itzulpengintzari eta zinema gidoilari lanbideari heltzeko.

'La oscura historia de la prima Montse' (1970), 'Si te dicen que cai' (1973) —Espainian ez zuten 1976ra arte argitaratu zentsura frankistagatik— eta 'La muchacha de las bragas de oro' (1978) lanek ospea ematen zioten Marseri. Azkenarekin Planeta saria bereganatu zuen.

'El amante bilingue', 'El embrujo de Shangai' edo 'Rabos de lagartija'k Espainiako eleberrigile garrantzitsuenetako bat bihurtu zuten. Azkenarekin Nacional de Narrativa eta Kritika sariak eskuratu zituen 2000n.

Zinemarekin harreman estua izan zuen, eta gidoi batzuetan laguntzeaz gain, bere eleberri asko filmak egiteko egokitu zituzten.

Kazetaritza ere izan zuen bidelagun. Art-Cinema aldizkarian lan egin zuen, eta Bocaccio eta Por favor-en erredaktoreburu izan zen.