kultura
2020ko Gure Artea sariak
Pello Irazu, Laida Lertxundi eta Leopoldo Zugaza, Gure Artea sarietan irabazle
Agentziak | Erredakzioa
Sari horiek "Euskadin arte plastiko eta bisualen mundua ikusgarriago egiteko" balio dutela azpimarratu du Bingen Zupiria sailburuak.
-
2020ko Gure Artea sarietan irabazleak. Irudia: EiTB.
Pello Irazuk, 'Ibilbide artistikoaren aintzatespena' modalitatean; Laida Lertxundik, 'Jarduera sortzailearen aintzatespena' modalitatean; eta Leopoldo Zugazak, 'Arte bisualen arloan eragileek egindako jardueraren aintzatespena' modalitatean, 2020ko Gure Artea Sariak jaso dituzte.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Gure Artea sarien, arte plastiko eta bisualen arloan Euskadin ematen diren sari garrantzitsuenen, irabazleen izenak jakitera eman ditu gaur Donostiako San Telmo Museoan. Datorren udazkenean banatuko dituzte sariak, Bilboko Guggenheim Museoan egingo den gala batean.
Mikel Onandia epaimahaiburuak azaldu ditu epaimahaiaren erabakiaren arrazoiak; aurten, Miren Arenzanak, Lucia Agirrek, Oier Etxeberriak eta Sahatsa Jauregik ere osatu dute epaimahaia. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du errekonozimendu horrengatik.
Zupiriak azpimarratu duenez, sari horiek "Euskadiko arte plastiko eta bisualen mundua ikusgarriago egiteko" balio dute, eta, aldi berean, figura nabarmenen lana aitortzen dute.
"Sari horien balioa nabarmentzen duten alderdietako bat da artearen mundutik banatzen direla: euskal artearen errealitatea ezagutzen duen epaimahai espezializatu bat arduratzen da irabazleak aukeratzeaz", azaldu du. Gainera, Gure Artea sariek "gure artistek egiten duten lana aitortzeko eta gure artea ikusgarriagoa egiteko" balio dutela adierazi du.
Irazu
'Ibilbide artistikoari aitortza' egin dio aurten Pello Irazu Mendizabal artista gipuzkoarrak (Andoain, 1963). Gure Artea sarien epaimahaiak nabarmendu duenez, "euskal artearen egungo panoraman funtsezko figura" eta "80ko hamarkadan euskal eskultura garaikidearen berrikuntzaren ordezkari nagusietako bat da".
Lertxundi
2020ko 'Sormen Jardueraren Aitorpena' Laida Lertxundi de Pradorentzat izango da (Bilbo, 1981). Donostian bizi den artista bilbotarrak bideoan eta idazketan oinarrituta lan egiten du, "bere proposamen artistikoak instalazio eta proiekzio moduan gauzatuz, nazioarteko arte biurtekoetan, galerietan, zinema aretoetan eta erakunde artistikoetan aurkeztu dira", epaimahaiaren erabakiaren arabera.
Zugaza
Azkenik, Leopoldo Zugaza Fernandez (Durango, 1932) aukeratu dute 'Arte plastiko eta bisualen arloan eragileek egindako jarduera' saritzen duen modalitatean. Epaimahaiak "Euskal Herrian kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan zehar sustatzeko eta zabaltzeko egindako ibilbide oparoa" nabarmendu du.