Itxi

kultura

Urteurrena

Tabakalerak egitarau berezia prestatu du bosgarren urteurrena ospatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Irailaren 11 eta 12ko asteburuan izango da hitzordua, eta arte garaikideak, zinemak, pentsamenduak, musikak eta bisita gidatu tematikoek osatuko dute eskaintza.

  • Tabakalera eraikinaren artxiboko irudia.

    Tabakalera eraikinaren artxiboko irudia.

Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak bost urte beteko ditu datorren ostiralean, irailaren 11n, eta berau osatzen duten erakundeek jardueren egitarau berezia antolatu dute urtemuga ospatzeko.

Arduradunek astelehen honetan eskainitako agerraldian azaldu dutenez, COVID-19ak sortutako egoerak ez du aukerarik eman bosgarren urteurrena aurreikusi bezala ospatzeko. Hala ere, bertako erakundeek ez dute urteurrena ospatzeko eta herritarrekin partekatzeko aukerarik galdu nahi.

Hortaz, Tabakalerako ohiko programazio eskaintzaren "luxuzko bertsio bat programatzeko" lan egin dute erakunde guztien artean, "kulturaren adierazpen guztiak, sortzaileak eta kultur eragileak ere aldarrikatzeko".

Irailaren 11 eta 12ko asteburuan izango da hitzordua, eta arte garaikideak, zinemak, pentsamenduak, musikak eta bisita gidatu tematikoek osatuko dute eskaintza.

Gauzak horrela, Julio Le Parc artista argentinarra izango da Kuboa lana aurkezteko egingo den ekitaldi instituzionaleko gonbidatua, irailaren 10ean. Kutxa Kultur Artegunearen erakusketaz gain, Tabakalerako patioak Supraspectives instalazioa hartuko du, Berlingo Quadrature artista bikoteak sortua, Donostia International Physics Centereko Raul Angulo eta Silvia Bonoli astrofisikariekin eta Tabakalerako Medialab zentroarekin elkarlanean.

Bosgarren urteurren honetan, Jose Antonio Sistiaga artista eta zinemagile donostiarra ere omendu nahi izan dute. Ostiral eta larunbat gauean, Nestor Basterretxea plazako kanpoaldean "ere erera baleibu izik subua aruaren..." (1968-70) lana ikusi ahal izango da. Sistiagak egindako 35 mm-ko film luzea da, scope formatuan, koloretan eta soinurik gabe. Eskuz margotutako 108.000 fotogramekin, ordura arte zeluloidearen gaineko pintura ulertzeko modua irauli zuen filmak.

Hilaren 11n, ostirala, lehen solairuko erakusketa aretoan aurkeztu eta irekiko den Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketan ere parte hartuko du artista donostiarrak. Abangoardiako zinema, ordenagailuz sortutako artea eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan ekoitzitako bideoartea, filmak, instalazioak eta egungo beste formatu artistiko batzuk biltzen ditu erakusketak. Florian Wüst izango da komisarioa.

Saio bereziak

Bestalde, zinemari lotutako eskaintza ere ez da faltako, eta saio bereziak izango dira Tabakalerako bosgarren urteurrena ospatu nahian. Esaterako, Parasite film korearraren zuri-beltzeko bertsioaren estreinaldia egingo da ostiralean, irailaren 11n.

Halaber, Euskadiko Filmategiko "Zine eta Zientzia" zikloak Handia filmaren proiekzio berezia egingo du larunbatean, irailaren 12an. Zinemagileek eta berriki Altzoko Handiaren gorpuzkinak aurkitu dituzten Aranzadi Zientzia Elkarteko Paco Etxeberria eta Lourdes Herrasti gonbidatuek aurkeztuko dute.

Gainera, George Lucasen THX 1138 (AEB, 1971) filma Guiro Meets Russia bikotearen zuzeneko musikarekin proiektatuko da larunbatean bertan. Zinemagile estatubatuarraren lehen film luzea da eta unibertsitateko gertaera labur baten egokitzapena da. Kosmische Musiken, soinu-paisaien eta psikodelia esperimentalenaren eraginpean, zuzeneko musika jarriko dio distopia futuristari Guiro Meets Russia bikoteak.

Bestalde, bisitariek Tabakalera "berraurkitu ahal izango dute" larunbatean: tabako fabrikako langile ohien testigantza, Jon Montero arkitektoak lehen pertsonan kontatutako birmoldaketa arkitektonikoa, kultur proposamenak eta bisitatu ezin diren espazioak ezagutzeko aukera izango dute. Hori dena Tabakalerako erakundeetako arduradunen eskutik (Jose Luis Rebordinos, Edurne Ormazabal, Joxean Fernandez) bisita gidatu tematiko sorta berezian.

Jeronimo Hagermanen Malas Madres instalazioak, Sortwo artistaren hormako esku hartzeak, Kiribil konpainiaren familiei zuzendutako ikuskizunak (Sableak) eta Kutxa Fundazioaren eskutik Ghost Number talde donostiarraren kontzertuak emango diote amaiera Tabakalerako eskaintzari.

Antolatutako jarduera guztiak doakoak izango dira, eta edukiera eta COVID-19ari buruzko protokoloan ezarritako neurriak kontuan hartuko dira, bisitari guztien segurtasuna bermatze aldera. Herritarrek Tabakaleraren webgunean edota bertako informazio puntuan eman ahalko dute izena gaurtik aurrera. Gainera, programazioaren zati handi bat streaming bidez ere ikusi ahal izango da, Tabakaleraren webgunearen bidez.

Azkenik, bosgarren urteurrena dela eta, Tabakalerak datozen hilabeteotan zabalduko den proiektu berria aurkeztuko du, Tabakalera-denbora izenburupean. Morgancrea ekoiztetxeko Carlos Rodriguezek egin du proiektua, eta zientziari, pentsamenduari, arteari eta zinemari lotutako izen handiek parte hartzen dute kulturaren zentzuari eta Tabakalera bezalako kultura garaikidearen nazioarteko zentro batek egin dezakeen ekarpen sozialari buruzko hausnarketetan.