Itxi

kultura

Urriak 1 eta 2

Agirre lehendakariak erbestean egindako bidaia erakutsiko du Arriagak

Agentziak | Erredakzioa

Patxo Telleriak Agirreren beraren oharrak egokitu ditu Fernando Bernuesek zuzendu duen ikuskizunerako, zeinetan Iñaki Salvadorrek zuzenean joko baitu musika.

  • 'De Gernika a Nueva York pasando por Berlín'

    Iñaki Rikarte da Agirre antzezlanean, eta Iñaki Salvadorrek zuzenean jotzen du © Mikel Blasco

Arriaga Antzokiak denboraldiko lehenengo estreinaldi handia jasoko du aste honetan: “De Gernika a Nueva York pasando por Berlín”, Fernando Bernuesek zuzendutako “diziplina anitzeko lan iradokitzailea”, “Agirre lehendakariak  egin zuen bidaia historikoa” taularatuko duena.

Publikoak urriaren 1ean eta 2an ikusi ahalko du aurrenekoz ikuskizuna, 19:30etik aurrera.

“De Gernika a Nueva York pasando por Berlín” lanak Iñaki Salvadorrek zuzenean interpretatutako soinu banda du, eta Iñaki Rikarte antzezleak gorpuzten du Agirre.

Antzezlanak kontagai du Jose Antonio Agirrek Europa okupatuan zehar egin zuen bidaia epikoa, 1937an erbestera joan behar izan zenean, New Yorkera heldu arte. 

Agirrek berak bidaia horretan idatzi zuen egunerokoa, “De Gernika a Nueva York pasando por Berlín”, da, hain zuzen ere, lan honen euskarria, Patxo Telleriak eta Fernando Bernuesek dramaturgia eraikitzeko erabili duten oinarria.

Ikuskizunerako sarrerak salgai daude dagoeneko, 10 eta 21 euro bitarteko prezioan, Arriagaren webgunean eta txarteldegian. Antzezlana gaztelaniaz da nagusiki, nahiz eta pasarte txiki batzuk badituen euskaraz, eta konpainiak ez du euskarazko egokitzapenik egitea aurreikusten.