Itxi

kultura

Omenaldia

Bertan behera geratu da Xabier Leteren biharko omenaldia

Agentziak | Erredakzioa

Bertan parte hartzekoa zen musikari batek COVID-19an positibo eman ondoren hartu dute erabakia. Ekitaldia ostegunean egitekoak ziren, Xabier Leteren heriotzaren 10. urteurrenaren harira.

  • Xabier Lete

    2010eko abenduaren 4an zendu zen Xabier Lete

Victoria Eugenia Donostiako antzokiak Xabier Lete poeta eta kantautorea, “erreferente estetiko eta etikoa”, omendu behar zuen ostegunean, urriak 15, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean. Bertan parte hartu behar zuen musikari batek, ordea, positibo eman du COVID-19an, Radio Euskadik jakitera eman duenez. Horregatik, musikari guztiak berrogeialdian jarri dituzte eta ekitaldia bertan behera uztea erabaki dute.

Omenaldia “Xabier Lete: gezur eta egia gurea” ekitaldiaren zuzendari artistikoa Fernando Bernues izan da, eta gidoiaz Frantxis Lopez Landetxe arduratu da.

19:00etan hastekoa zen omenaldian, Xabier Leteren kolaboratzaile hurko izandakoak aritu behar zuten, hala nola Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Mariasun Landa eta Antton Valverde.

Horiez gain, Karlos Gimenez omenaldiaren zuzendari musikalak beste lau pianista izan behar zituen alboan (Iñaki Salvador, Sorkunde Idigoras, Fredi Pelaez eta Joana Ortega), eta Txema Garces, Pascal Gaigne, Pello Ramirez eta Jabier Muguruza musikariak ere bertan aritzekoak ziren, Lete gogoan.

Halaber, Asier Serrano poeta eta musikaria, Jon eta Alaia Martin bertsolariak, Oihana Lekuona eta Mikel Markez musikariak, Ane Gabarain aktorea eta Petti, Eñaut Elorrieta, Olatz Salvador, Maria Berasarte eta Pier Paul Berzaitz kantariak ere ateratzekoak ziren oholtzara.