Itxi

kultura

Eneko Bidegaini elkarrizketa

'Gazteari irakurtzeko gustua ematen jakin behar da'

Erredakzioa

Eneko Bidegain (1975, Baiona, Lapurdi) kazetaria, erakaslea, bertsolari txapelketetako epailea eta idazlea da. "Zorionak Marko" azken liburuarekin, haur literaturaren eremura zabaldu du bere saila.

  • Eneko Bidegain. Argazkia: EKE

    Eneko Bidegain. Argazkia: EKE

Hori aurkeztuz bezala, kazetaritzaren, literaturaren eta bertsolaritzaren egoera aztertu ditu hemen, Iparraldea eta Hegoaldearen arteko muga oraindik hor dela azpimarratuz.

Haurrean, zer aukera zenuen euskaraz irakurtzeko ?

Eneko Bidegain: Ttipitan beti halako tira izan dut idatziz ziren gauzendako. Konkretuki, Odolaren Mintzoa liburuko izenburuak irakurrarazten nizkion amari, eta bortz urtetan hasi nintzen nihaurren baitan haien irakurtzen. Horrela ikasi nuen irakurtzen. Biharamunean, amak liburuak erosi zizkidan, pentsatzen dut euskaraz zirela. Gisa guziz, gero ikastolan euskarazko liburuak bagenituen. Baina kasu, irakurtzen goiz ikasteak ez du erran nahi irakurtzeko gustua nuenik. Bertze haurren gisan, ez zitzaidan irakurtzea hala gustatzen. Idaztea maite nuen, baina irakurtzea ez.

Zer idazten zenuen?

Ikastolan idazlanak izaten ziren, istoriak kontatzeko, eta ikastola guzietako ikasleen artean ere bildumak egiten ziren, eta badakit horietarako anitz idazten nuela. Denetarik bazen, gauza zozo franko, baina maite nuen. Gero, kolegioan lanarentzat liburuak irakurri behar genituen, eta horiei franko bortxaz lotzen nintzen, nahiz eta bururaino eraman. Egunkaria sortu zelarik, hamalau urte nituen. Lehen aletik ukan dugu etxean, eta nik egunero irakurtzen nuen. Uste dut hogei urtekin hasi nintzela literatura irakurtzeko gustua hartzen.

Franko berant, hala ere...

Bai, baina gauzak neurri batean ezarri behar dira. Oroit naiz frantseseko erakasleak, hamabortz urte nituelarik, liburu batzuk udan irakurtzeko eman zizkigula. Horien artean, Stendhalen Le Rouge et le Noir. Hamabortz urtetan, horrelako liburu bat, bon... Hamar urteren buruan berriz irakurri nuen, eta hor bai sartu zitzaidala. Erran nahi dudana hau da : batzuetan, hamabortz urteko gazteari liburu bat irakurtzera ematen dugularik, ez dugu baitezpada pentsatzen hamabortz urteko mentalitatearekin. Zolaren Germinal gustatu zitzaigun, baina Le Rouge et le Noir... Gazteari irakurtzeko gustua ematen jakin behar da. Horregatik, ni ez naiz hala arranguratzen hogei urtetan liburuei guti interesatzen bada.

Eta Egunkaria-n zer aurkitzen zenuen ba, hura egunero irakurtzeko hamalau urtetan?

Aktualitateari interesatzen nintzen, hura segitzen nuen, maite nuen. Geroztikako ene bizia kazetaritzari eta aktualitateari lotua izan da, funtsean. Literatura irakurtzeko, pausatua behar da. Nik maite dut oporretan irakurtzea, ez eta noizbehinka liburu baten bost orrialde, eta gero hura utzi. Ene adineko literatura irakurtzen nuen, hala ere, bai.

Zer sentipen ukan zenuen Egunkaria-n zure lehen artikulua izenpeturik irakurri zenuelarik ?

Ez naiz oroitzen... Aldi berean plazera, eta ahalgea, pentsatzen dut... Hori baino lehen, Xalbador kolegioko aldizkarian parte hartu nuen, eta hori izan zen kazetaritzako ene lehen urratsa. Gero, badakit pertsona franko isila naizela, ez naiz mintzatzeko trebe, elkarrizketa batean, adibidez. Ene gogoetak errazkiago komunikatzen ditut idatziz ahoz baino. Idatzian gustuan sentitzen naiz.

Zendako utzi duzu eguneroko kazetaritza ?

Momentuz baztertu dudala erran nezake. Proiektuak aitzinatu nahi nituen, ikasketei berriz lotzea izan da bat. Doktoretza tesia beti buruan nuen, salbu, hori betetzeko, eguneroko kazetaritza utzi behar nuela. Bertze ate batzuk ireki zaizkit, unibertsitate munduan erakasle bainaiz. Pertsonalki, badakit ziklo baten burura heldua nintzela. Duela bizpahiru urte, herriko hauteskundeak zirela eta, ohartu nintzen ene lana biziki ziklikoa eta errepikakorra izana zela. Motibazioa ere jabaltzen... Kazetaritzan, ene burua beti ikasten eta ikasten sentitu dut. Hein batetik goiti, inertzia bat sortzen da, batez ere kanpoko faktoreen eraginez, non jakin behar baita bertze bide batzuetara pasatzen. Kazetaritzak mila molde baditu. Egunerokoan, urgentziazko gauzetan, ezohikoetan nintzen gustuen, baina bizi pribatuarekin uztartzeko zaila da. Gainera, gehienetan urgentzia guti da, eta errutina batean sartzen zara. Orduan orain, erakaskuntza, ikerkuntza eta kazetaritza loturik bizi naiz, eta biziki interesgarria da ! Informazio bilaketa horretan segitzen dut. Gainera, ene liburu gehienak kazetaritza lanak dira... Momentu batetik goiti, liburuaren sakontasun horrek gehiago interesatu nau, eguneroko azaleko hura baino. Eta hor ere gauza berriak egiteko gogoa sortzen zaizu, bertze erritmo baten ideia ere bai. Eguneroko kazetaritzara itzuli behar banu, ez nintzateke errutinara egin. Bulegoan terrenoan baino gehiago egoteko, ez zait interesatzen. Eta Euskal Herrian, baliabide guti da kazetaritzan. Baina gaur, diren tresnekin gainera, ez genuke bulegoan egon behar, arrunt guti, hasteko.

Liburuaren formatua zure gaurko perfilari, edo menturaz gogoari, hobeki egokitzen zaio ?

Egunkariko artikulu batek hogeitalau oreneko biziraupena du. Batzuetan erreportaia sakonetan hasten zara, egunak pasatuko dituzu horretan, baina menturaz ez dira irakurriak izanen ere ez... Eta biharamunean bertze egunkari bat da. Horretarako, egunkari batek aktualitateari ahal bezainbat lotua izan behar du. Eredu gisa Libération erabili dut beti. Baina zerbait sakondu behar baduzu, liburua egokiena da. Eta oraindik ikertzekoa den hainbat gauza bada !

Zer lotu zaizu haurrendako liburu bat ateratzeko ?

Lan bat ateratzen dudalarik, ez da sekulan nihaurren baitarik izaten. Egin ditudan liburu gehienak mandatuzko lanak izan dira. Zorionak Marko ez da hala izan, baina erakasle batzuek komentatu zidaten zendako ez ote nuen haurrendako libururik ateratzen, Iparraldetik ez zela nehor, falta zela... Entseatu naiz, eta zendako ez ? Beti maite izan dut irudimena lantzea.

Errealitate hotzarekin aritu izan zara lanean, ordea...

Ene helburua hori da : zerbait asmatzea, idaztea, aldi berean errealitatetik hurbiltzen dena. Edo gauza batzuk salatzea, kritikatzea. Literatura errealitateaz mintzatzeko aitzakia da. Istoria arrunt fikziozkoa idazten banu, haur literaturan bezala, errealitateari buruzko helburua baluke. Ez dut idazten bakarrik dibertitzeko.

Marko karramarroak zer erakusten du errealitateaz ?

Gizakiak naturan sortzen dituen kalteak tratatzea da hemengo gaia. Kutsaduraren inguruan ari gara, pertsonaiak abereak dira, eta abere horiek dira gizakien kalteen biktimak. Sentsibilitate bat nahi izan dut eman. Haur literatura bai, ados, baina haurrak naturaren gai horrekin sentsibilizatu nahi izan ditut.

Haurra zertan da publiko inportantea ?

Euskal literaturan, publiko zabalena da. Biharko irakurleak ere izan daitezke, nahiz eta, handituz bezala, bertze interes gune batzuk sortzen dituzten.

Iparraldean haur literaturako idazle guti, edo batere ez dela komentatua izan da...

Ttipia nintzelarik, Gexan Lantziri bazen. Geroztik, ez dut uste izan denik. Baina literatura orokorrean ere horrela da. Itxaro Borda eta bertze bakar batzuk salbu, Maiatzeko lanak, edo gazte batzuk salbu, baina horiek ere liburu bakarra baizik ez dute atera... Idazle jarraiki guti da Iparraldean.

Nola azal dezakezu miseria hori ?

Irakurleak ere guti dira. Hegoaldean gehiago badira bai... Baina hor, zinezko problema bada. Mugak euskal literatura markatzen du manera triste batean, eta ez dakit nola egin behar den. Nik liburu bat ateratzen badut Iparraldean, Hegoaldean salgai aurkituko da, baina ez da zabaltzen. Marko karramarroarena Hegoaldean aurkeztu zen, baina Baionan ez bagenu prentsaurrekorik egin, ez zen jakinen ere bazela. Eni hori ez zait normala iruditzen, baina argitaletxeak horrela dira, hain zaitituak, argitalpena, promozioa, garapena... Lurralde bakarra gara, bai, baina liburuek badute beren lurraldea. Horrek min egiten dit. Berdin zait zer kolekzioan ateratzen den liburu bat. Salbu, kolekzio batean edo bertzean atera, ez dela berdin : batean Iparraldean zabalduko da, bertzean, Hegoaldean. Ez da arrazoirik mugak izateko, hor.

Bertsolaritzan ere ba ote da ?

Gutiago, uste dut. Amets eta Sustrai faktore inportanteak izan dira. Euskal Herriko bertsolari hoberenetan sartu dira eta horrek, nahi ala ez, Iparraldeko bertsogintzari halako oihartzuna eman dio Hegoaldean. Horrez aparte, eskola arteko bertso txapelketetan ere, Iparraldekoak franko onak izan dira. Bertsozaleen elkarteen ibilmoldeak ere badu bere eragina, ontsa konfederatuak dira.

Xalbador, zure aitatxi zenak, zubi lan hori ez ote zuen hasia ?

Xalbador eta Mattin ere faktore inportanteak ziren. Baina bertze garaiak ziren. Gaitzeko bertsolaria izateaz gain, Xalbadorren ospea anitz zabaldu zen Hegoaldean, ene ustez txistuen gertakari horrekin oraindik gehiago, hil zen bezala hiltzeagatik ere oraindik gehiago. Eta Xabier Leteren kantuarekin... Mitifikatu da anitz. Hala ere, gaur egun Amets Arzallus bat ez balitz Iparraldetik, ez dut uste gaurko egoera onean gintezkeela hemen.

Xalbador pertsonaiak, mitoak, zer ondorio izan du zure ibilbidean ?

Ez dakit zein heinetaraino odolean ekartzen den. Ez naiz bertsolaria atera, ez baitut landu, eta oholtza gainean ez bainintzateke gustuan egonen. Itzalean nahiago dut. Hala ere, iduritzen zait gure familian gehienek sorkuntzarako tira hori badugula. Kanta, bertso, olerki, musika, margo, idazlanetan... Hori dena leku beretik heldu ote da ? Hereditarioa ote da ? Ez dakit. Hein handi batez kulturala da, etxean transmisio hori ukan baitugu hastapenetik. Baina gero, badu bertze alde bat, batzuetan pizu dena. Guk gure bidea egin nahi dugu... Oroit naiz behin, batek bertzeari erran ziola, ni erakutsiz : “badakizu honen aitatxi zein zen ?”, eta bertzeak erran zion “ez zait inporta, lehenik erraidazu hau nor den !”. Ontsa laburbiltzen du bizitzen ahal dugun egoera, batzuetan.

Euskaraz idaztea naturala da zuretzat ?

Naturala da, baina naturala ez izatea ere izan zitekeen. Gure zoriona izan da aita-amek euskara hastapenetik transmititu digutela. Gure adineko anitzek, ordea, ez du aukera hori ukan, nahiz eta beren burasoek euskara xarmanki jakin. Izan da belaunaldi bat non, momentu batez, euskara moztu duena. Eta euskararen transmisioa ez da egin. Ene euskara maila aita-amei zor diet, etxekoei. Eta aberastea, ikastolari, erakaslei, lanei. Euskara aberasatun handia da, ate anitz irekitzen ditu.

Nahiz eta euskaraz idazteak publikoa murrizten ahal duen ?

Bai, eta horrez gain, Hegoaldeko anitzek halako mesfidantza garatzen dute, ulertuko ez dutela eta... Badira irekiak, baina zinez hetsiak direnak ere bai. Beraz publikoa oraindik murritzagoa da Iparraldeko idazlearentzat. Ingelesez idatziko banu, publiko zabalagoa nuke ? Ez dut pretenditzen idazten ditudanak hain interesgarriak direla.

Zorionak Marko paperezko euskarrian aterako duzun azken liburua izan da ?

Ondoko urteetan ateratzen ahalko nituzken liburuak paperean egin litezkeela iruditzen zait. Hamar, hogei urteko epean, ez dut uste papera desagertuko denik. Jendeak atxikimendua badu oraindik. Materialismo bat da, nonbait. Nahi dugu eskuetan hartu, usaindu, hunkitu... Liburu elektronikoak sartuko dira, baina gauza interesgarriak eskaintzen ahal dituzte. Arrunt egitura desberdinak, argazkiak ez bakarrik, bideoak ere bai. Arrunt bertze literatura klase bat eskaintzen ahalko du. Banatzeko modu berriak ere bai. Dena egitekoa da.