Itxi

kultura

Datozen bost urteetarako

El Sol publizitate jaialdia hartzeko hautagaia da Bilbo

Erredakzioa

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak proposamen bateratua aurkeztu dute. Azken 25 urteotan Donostian egin izan badute ere, aurten egoitza aldatzeko aukera aztertzea erabaki dute.

  • 2011n Donostian egindako El Sol publizitate jaialdiaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Datozen bost urteotan Bilbo El Sol publizitate jaialdiaren egoitza izateko hautagaitza aurkeztu dute ostiral honetan Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

'Sol en Bilbao' izenburupean, Bizkaiko hiriburuko lau egoitza ezagun proposatzen ditu Bilboko hautagaitzak jaialdia hartzeko: Euskalduna Jauregia, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbao Arena pabiloia eta Bilboko Alondegia. Bilboren proposamenak datorren urterako datak ere jasotzen ditu: 2012ko maiatzaren 31a eta ekainaren 1a, 2a eta 3a.

AEACP Espainiako Komunikazio eta Publizitate Agentzien Elkarteak sustatu eta antolatzen du urtero El Sol jaialdia. Azken 25 urteotan Donostian egin izan badute ere, aurten egoitza aldatzeko aukera aztertzea erabaki dute.

Gaur egun, lehiaketa garrantzitsuena da bere esparruan: 1.800 lagunetik gora biltzen ditu, eta hamabi sail desberdinetan lehiatzen diren 2.500 lan eta kanpaina baino gehiago jasotzen ditu. 18 herrialdek hartzen dute parte bertan, tartean Espainiak, Brasilek, Mexikok eta Argentinak.