Itxi

kultura

Efemeridea

Kulturak Xabier Lete omentzeari ekin dio, haren heriotzaren 10. urteurrenean

M. D. | eitb.eus

Xabier Lete poeta eta kantaria omentzen eta artistaren ekarpena ikertzen hasi da kultura-mundua, hura hil zela hamar urte bete direnean.

  • 'Ni naiz Lete' pelikularen kartela.

    'Ni naiz Lete' pelikularen kartela.

"Erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea", Xabier Lete, gaurko egunez hil zen orain dela hamar urte. 2010eko abenduaren 4an, neguaren ateetan joan zen, urtea bukatzear zegoela, garai hartako figura askok, baita bidaide izan zuen Lurdes Iriondok ere, egin zuten bezala. Leteren kantak herrikoi bihurtu dira. Horren adierazle argia da Xalbador bertsolariari eskaini ziona, euskal ahots ozenetan ereserki bezala iltzatua, baina ez da inondik inora bakarra.

Hamargarrena urteurren biribila dela aprobetxatuta, kultura-mundua Lete berreskuratzen hasi dela ematen du. Nonbait, aldarrikapen hau zabaldu da: Lete ahaztuta izan genuen, eman diezaiogun merezi duen errekonozimendua, herriak haren abestiak beti kantatuko dituen bezala, azter dezagun Leteren obra. Batez ere poeta, idazlea eta kantaria izan zen Lete, baina baita intelektuala ere, eta politikara ere eraman zuen bere ibilbide autodidaktak.

Aurten, Urrats urratuak. Xabier Lete gogoan liburuan, Leteren izaera polifazetikoa jorratu eta omendu dute hamar idazlek. Bihar, larunbata, Joxan Goikoetxearen Hesia urraturik oratorio sinfoniko-korala, Leteren "testu eta melodia bilduma berreraikitzen duen alegoria", egingo dute Donostian, Kursaal aretoan. Urrian, Fernando Bernuesek zuzendutako Xabier Lete: gezur eta egia gurea ikuskizuna bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz.

Urteurrena baliatuta, hutsunea betetzen eta Leteren lanari buruzko obrak eta omenaldiak ugaritzen hasi dira. Eta ikerketa-munduarena da, agian, ekarpenik osoena: Alex Gurrutxagak idatzitako Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria saiakera liburua, bere doktore tesiaren luzapena.

Atzo Ni naiz Lete dokumentala estreinatu zen EITBren egoitzan, eta abenduaren 6an izango da ikusgai ETB1en. Leteren mundu artistikoa eta barnekoa ezagutzeko aukera paregabea izango da.

Gurrutxagak Euskadi Irratian azaldu zuen bezala, Leteri ez zitzaion gustatzen bere sufrimendua kontatzea, baina sufritu egin zuen, 1985ean atzeman zioten gaixotasun larriaren ondorioz. Horrek Gipuzkoako Kultura diputatu kargua aldendu zion momentu hartan, eta gaitzaren kontrako borroka luzea iragarri zuen. Baina lehenagotik ere atzeman daiteke Leteren existentzialismoan, bizitza eta heriotzaren inguruko gogoetetan, eta Lete handi egin zuen kantagintzan.

Hasi, poeta bezala hasi zuen ibilbidea, eta Euskal Herriko panorama biziberritu zuen Ez Dok Amairu taldean parte hartu zuen. Emanaldi bat egitekoak zirenean, Benito Lertxundi gaixotu zela eta, berak hartu zuen lekukoa gau hartan, kasualitatez. "Hain gaizki kantatzen duk, sekulako arrakasta izango duk", esan omen zion Joxan Artzek.

Kasualitatez hasi zen abesten, Ez Dok Amairu taldearen emanaldi batean Lertxundi gaixotu zelako

Ordutik aurrera, poesia eta kanta uztartu zituen, eta bere ideia poetikoak eta existentzialak melodiari lotuta joan ziren. Letek ahots berezia zuen, bai, oso indartsua eta iluntasun zein potentzia handikoa, baina ez zuen gaizki kantatzen. 1971n profesionalizatu zen, garai hartan gutxik ulertuta, eta bakarkako ibilbideari ekin zion laster.

70eko hamarkadan "euskaldunen sekretuak" berreskuratu zituen Letek, Pio Barojaren Altzateko jauna, kasu, eta bidea markatzen hasi zen. "Ni naiz", "Nafarroa, arragoa", "Sinesten dut", "Seaska kanta", "Giza aberea" eta "Altzateko jaun" bera 1974ko diskokoak dira; "Langile baten seme", "Haur andaluz bati seaska kanta" eta gerora Mikel Laboak kantatuko zuen "Izarren hautsa", 1976an argitaratutako diskokoak, eta "Lore bat, zauri bat", "Xalbadorren heriotzean" eta "Haizea dator ifarraldetik", 1978an kaleratutako albumekoak. Kanta poesiari bidea emateko modutzat hartu zuen.

"Poeta soziala" eta "protesta kantaria" zen Lete garai hartan, Gurrutxagaren hitzetan, eta existentzialismoak zeharkatzen zuen haren lana. Iluntasuna, melankolia, ezin erantzundako galderak, zapalkuntza, bakardadea, ironia… "Ez zaidazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordeaz, nora ote dihoan denbora aldakorrak daraman bidea", kantatzen zuen.

"Euskalerri nerea" kantuan, herriarekin bizi izan zuen desengainua islatuta geratu zen. Agertokietan eskatzen ziotenarekin aspertuta heldu omen zen 80ko hamarkadara, eta Euskal Herriaren egoera politikoak eta sozialak eragin handia izan zuen. Lete ez zen iraultzailea, eta ETAren kontrako jarrera azaldu zuen, beste batzuekin batera, "ETAren indarkeriaren aurkako 33en manifestuan". Indarkeriak min egiten zion, eta Gurrutxagak aipatzen duen "deserosoa izateko ausardi" horrek sufrimendua ere ekarri zion. "Garaia oso gogorra zen. Subjektu berri baterako ateak zabaldi zizkigun, baina euskal gizartea oraindik ez zegoen prest. Zorretan gaude maitasunez traizionatu gintuzten haiekin", Gurrutxagaren ustez.

Politikagintzan eta gaixorik eman zituen hurrengo urteak. 90eko hamarkadan itzuli zenean, beste ahots bat bilatu zuen, baita topatu ere. Habaneraren melodia ekarri zigun, bertso zaharrak berreskuratu zituen, eta bere jardunean zehar abestiak berridazten eta azaltzen aritu zen, "Izarren hautsa" kantarekin behin baino gehiagotan egin zuen bezala. Perfekzionista zen, eta inoiz ez zion bilatzeari utzi. Prozesu horretan ulertzen dute batzuek beste autoreei garai horretan egindako plagioak.

Agian, Euskal Herriak ezingo dio inoiz itzuli berak herriari emandako abesti, poesia, ideia, galdera, erantzun eta sentimendu sorta oparoa. Leteren heriotzaren hamargarren urteurrena momentu aproposa da kantagintzatik haratago doan Lete omentzeko. Eta, Gurrutxaga Literaturan doktoreak azpimarratzen duenez, "ikerketa, eztabaida eta transmisioa" dira omenaldirik onenak.