kultura
10. urteurrena
Aldebiko egitasmoak eta eraldaketa digitala, Etxepare Institutuaren erronkak
eitb.eus
2021ean, Quebecen eta Euskal Herriaren arteko zubia jarri nahi du Etxepare Euskal Institutuak.
-
Etxepare Euskal Institutuak hamar urte beteko ditu
Etxepare Euskal Institutuak 10 urte bete ditu. 2010eko urriaren 29an ireki zuten, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartuta, euskararen eta euskal kulturaren berri munduan emateko erakundea.
Haren arduradunek azaldu dutenez, 60 euskal sortzaileren lana eraman du urtero diziplina ezberdinetako jaialdietara, eta, guztira, nazioarteko 200 bira babestu ditu eta euskal literaturako 150 bat obra beste hizkuntza batzuetara itzultzea sustatu du.
Jarduera akademikoari dagokionez, urtero ia 4.000 pertsonak ikasten dute euskara Etxepare Euskal Institutuaren bi irakaskuntza sareetan: Euskal Etxeetako Euskara Munduan programa eta Europa, Amerika eta Asiako 35 unibertsitatetako eskaintza.
Aldebiko egitasmoak
Institutuak, gainera, Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako sortzaileen arteko harremanak akuilatzeko egitasmoa abiatu du. 2019an egin zuten lehena, Eskoziarekin, eta 2021ean Quebec izango da jomuga. Etorkizunari begira, aldebiko egitasmo hauek sendotzea da Institutuaren erronketako bat, gaur, hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian, azaldu dutenez.
Ekitaldian, Donostian, 11 sortzaile, itzultzaile eta irakasleren kontakizunak izan dira entzungai: Sho Hagio eta Hiromi Yoshida Japoniako itzultzaile eta euskara irakasleak; Gabriela Mendia Argentinako euskara irakaslea; Bernardo Atxaga, Karmele Jaio eta Miren Agur Meabe idazleak; Isaac Xubin itzultzaile galiziarra; Kukai Dantzako Jon Maya; Itziar Lazkano aktorea: Oreka TX taldeko Igor Otxoa; Maider Lopez artista; eta Oskar Alegria zinemagilea.