Itxi

kultura

Azaroaren 8an eta 9an

Bilbo bideo jokoen Europako hiriburua izango da egunotan

Erredakzioa

Bideo joko serioak eta aisialdirako proposamenak bilduko dituzte Fun&Serious Game Festival Bilbao jaialdian. Patricia Condek eta Alex O'Doghertyk aurkeztutako galan lanik onenak saritu dituzte.

00:35
Europako bideo-joko jaialdia, Bilbon

Azaroaren 8an eta 9an, bideo joko serioen eta aisialdirako jokoen topaleku izango da Bilbo. 2011n Europan ekoitzitako bideo joko onenak nazioarte mailako jaialdi batean bilduko dituzte, estreinakoz. DigiPen, Virtualware eta vadejuegos.com. enpresek antolatu dute Fun&Serious Game Festival Bilbao 2011 jaialdia, eta ''bideo jokoetako profesionalen sorkuntza eta lana jendearengana gerturatzea'' dute helburu. Euskadi, Estatu eta Europa mailan lan egiten duten profesionalen sorkuntza erakusteaz gain, sektorea industria eta aberastasuna sortzeko gai dela agerian utzi nahi dute antolatzaileek.

Jaialdiak bi osagai nagusi izango ditu. Alde batetik, nazioarte mailako profesional handien hitzaldiak izango dira. Besteak beste, Gareth Mills, Jurrian Van Rijswijk, Samir Abou Samra, David Wortley, Maurizio Forte eta Pamela M. Kato izango dira bertan.

Bestetik, aurten Europako bideo joko serioak eta aisialdirako jolasak sarituko dituen gala handi bat ere egin dute. Astearte honetan egin dute ekitaldia, Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Patricia Conde eta Alex O'Dogherty izan dira aurkezleak.

Lan sarituetako batzuk dagoeneko eman dituzte jakitera: Hezkuntza arloan, mikroorganismoen inguruko 'AfterZoom' lana saritu dute, eta kultura esparruko aipamena, berriz, Dublin hiria Erdi Aroan erakusten duen bideo joko batek jasoko du.

Bideo jokoen industria, musikaren eta zinemaren gainetik

Bideo jokoen industriak Espainian duen garrantzi ekonomikoa azpimarratu du Alfonso Gomez vadejuegos.com etxeko zuzendariak. 2010ean 1.200 milioi eurokoa izan zen sektoreak sortutako negozioaren zenbatekoa, ''zinemaren eta musikaren gainetik''.