Itxi

kultura

Iruña-Veleia

Arabako Auzitegiak Iruña-Veleiako aztarnategiaren auziko zigorrak berretsi ditu

N. V. | EITB Media

Auzitegiak bi zigortuok aurkeztu zituzten helegiteak baztertu, eta akusazioak aurkeztu zuenaren zati bat onartu du: ondorioz, Eliseo Gili lehen instantzian jarritako zigorra handitu du.

  • Eliseo Gil eta Ruben Cerdan

    Eliseo Gil eta Ruben Cerdan zigortuek jarritako helegiteak baztertu dituzte. Argazkia: Efe.

Arabako Lurralde Auzitegiak ezetsi egin ditu Eliseo Gilek eta Ruben Cerdanek beren aurkako zigorraren aurrean jarritako helegiteak, Iruña-Veleiako aztarnategiko (Araba) faltsutzeen inguruko auzian. Are gehiago, Eliseo Gili jarritako isuna handitu du epaiak, ontzat hartu baitu Fiskaltzak eta Arabako Aldundiak, akusazioak, jarritako helegitearen zati bat.

Gasteizko zigor auziko 1 zenbakiko epaitegiak bi urte eta hiru hilabeteko espetxealdia ezarri zion urtarrilaren 10ean Eliseo Gili, Iruña-Veleiako aztarnategiko aurkikuntza faltsuen auzian iruzur delitu jarraitua eta dokumentuak faltsutzeko delitu jarraitua egin zituela frogatutzat emanda.

Epai horretan, Ruben Cerdan aurkikuntzen benetakotasuna frogatzen zuten txostenak idatzi zituen fisikari nuklearra ere zigortu zuten: urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, iruzur delitu jarraitua egiteagatik.

Bi zigortuok helegitea jarri zioten epaiari, absoluzioa eskatzeko, eta, besteak beste, instrukzioa baliogabetzeko eskatu zuten, haien ustez froga zaintzeko katea hautsi egin zelako.

Arabako Auzitegiak idatzian jaso duenez, baina, epailearen ebazpenak “eduki eta oinarri zientifikoak” ditu funtsean, eta Poliziak ikerketa egin zuen bitartean gauzatutako eginbide guztiak “dagokion jardueraren barruan” egon ziren.

Aldaketa bakarra Gili egotzitako delituetako batean etorri da. Auzitegiak, arau haustetzat barik, delitutzat jo du ondasun historiko-kulturalari egindako kaltea, eta, ondorioz, sei euro gehiago ordaindu beharko ditu egunero, sei hilabetez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kultura