kultura
Xan Aire (EKE)
Daniel Landart: 'Izkiriatzea erremedio ona izan da enetako'
Euskal Kultur Erakundeko zuzendariorde kargua utzi ostean, 'Ahularen indarra' liburua argitaratu berri du. Bere bizipenak, kezkak, beldurrak paper gainean etzan ditu horrela.
-
Daniel Landart. Argazkia: EKE
Daniel Landart (1946, Donoztiri, Baxenabarre) erretretan da, Euskal Kultur Erakundeko zuzendari-orde kargua poliki-poliki utzirik. Ahularen Indarra (Elkar) atera berri du, Aihen Ahula liburua berriz idatzirik eta abentura berriez aberasturik. Bere bizipenak, kezkak, beldurrak paper gainean etzan ditu, plazerrez eta beharrez. Haurtzaroko oroitzapenak eta inprimeriako lehen ofizioak argitaratu ditu lehen zati horretan, bigarren atala burutzeko artean.
Xan Aire: Ez zara sobera aspertzen, erretretan?
Daniel Landart: Ontsa baino hobeki egiteko, denbora erdiz aritu naiz laneko azken urtean... Egia errateko, denbora erdiz ari nintzela ez naiz ohartu ere, Ahularen Indarra idazten aritu bainaiz. Aurten, aldiz, Euskal Kultur Erakundeko lanpostua utzirik, egia da bizpahiru hilabete franko bortitzak izan direla, hastapen horretan. Baina orain, arrunt jarria naiz, eta ontsa naiz...
Errana zenuen halako ximiko batekin utziko zenuela lana...
Bai, eta hala gertatu da. Beharrik oraindik lan ttipi batzuk egiten ditudala, barne-egituran, gauzak akuilatzeko, eta laguntzeko ere bai, bide batez.
Inportantea da, hori?
A bai, biziki! Hogei urtez bederen egona zarelarik toki batean, taldean biziki ontsa pasatu delarik... Ni biziki kontent nintzen. Eta beharrezkoa zait oraindik urte batez edo hor ibiltzea... Gaineratekoan, antolaketa polita da, uztariztar batzuekin kafea hartuz, bidaiatuz pixka bat. Bertze gauza batez ohartu naiz, bat-batean nagitu naizela. Erran nahi baita denbora fite pasatzen zaidala gauza guti eginik ere! Estresik ez ukaiteak nagitu nau...
Aihen Ahula liburuaren segida aspaldi hitz emana zenuen... Zertako berriz idatzi duzu lehen zati hori?
Testu bat bertze molde batez idazten ahal zela ohartu bainaiz... Halako joko bat bezala hartu dut. Istorio batzuk laburtu ditut, hamabost bat anekdota gehitzeko. Plazer bat hartu dut horren berriz izkiriatzen.
Zer aldatu da?
Osatuagoa zait, eta estilo aldetik, agian, onduagoa edo... Nik ondu nahi nuen, hasteko! Gero, hainbeste otoitz eta bazen Aihen Ahula liburuan, non laburtu ditudan. Alta, egia da hainbeste otoitzean aritzen ginela! Gaurko irakurleak ez lezake konpreni... Aldatu dudan beste gauza bat: xuka aritzea. Amatxi, ama eta emazteekin xuka aritzen ginen, eta hala transkribatua nuen, baina murriztu dut. Bestenaz hemengo hitzak dira...
Otoitzena zein ironikoa geratzen den, liburuan...
Hor, enetako, ez da ironikoa... Hala zen! Amatxik egun osoak pasatzen zituen otoitzean! Eria zen hura ere, eta gure etxean horrela zen.
Sobera, menturaz?
Besterik ez duzularik ezagutzen, ez dakizu nola den! Irratirik edo telebistarik ez zen... Nik ez dut sekulan pisuegi sentitu otoitzean aritze hori. Pixka bat nardatua, bai, artetan, baina ez nintzen kontra. Horrela zen! Nihaur beti eri, herriko lagunetatik urrun, beraz otoitzean ariarazten ninduen. San Leonen buru moztearekin nolako amesgaiztoak egiten nituen ere kontatzen dut! Hala ere, ulertzen dut gaur hori dena komikoa agertzea irakurlearen baitan.
Alta, aitak dantzatzea eta kantatzea maite zuen...
Eta nik batere! Aitaz gauza franko aldatu dut, ene ikusmoldea ere ez baita berdina, gaur. Aitaz beldur nintzen. Bortitza zela eta, ez zen besterik ageri Aihen Ahula-n, haren dorpetasuna. Gogoetak egin ditut geroztik: ez zen gure aita bortitza, garaian hala zen, belaunaldi afera da. Gibelapenarekin, orain erran dezaket kultur eragile bat banuela etxean: aita biziki airosa zen, tira ahala kantuz, herriko mutiko gazteei dantzan erakusten. Ni ikustean zen desesperatua, laborantzako gusturik ez bainuen... Ez naiz orain errudun sentituko, baina aitaz dudan perzepzioa arrunt aldatu zait. Azkenean, amaz baino gehiago mintzo naiz aitaz Ahularen Indarra liburuan!
Zer misterioa, aitarentzat duzun beldur hori...
Denboran, jende helduarengan, eta bereziki aitarengan beldurra bazen, eta ez gure etxean bakarrik. Larderia zen nagusi, apezetik hasiz. Aita batek ere larderia erakutsi behar zuen. Ez naiz idazle bakarra hori azpimarratu duenik, Etxeparek berak aipatu izan du: hainbesteraino zen aitaz beldur, non uste zuen ttipi ttipitan jotzen zuela, nahiz eta horretaz ez oroitu. Nik zartako bat baizik ez dut bildu ene bizian, aitak emanik, eta mundu guziak jakin du! Gauza kulturala zen larderia eta beldur harreman hori, heziketa kontua. Gure denboran, haurra punitua baldin bazen eskolan, aita-amek beti erakaslearen alde eginen zuen. Gaur, tribunalean ezarriko lukete!
Gehiago irakurri, EKEren Lekukoak Lekuko sailean.