Itxi

kultura

46. edizioa

Durangoko Azoka 2011: Hasiera indartsua

Erredakzioa

10:30ean ireki ditu ateak 2011ko Durangoko Azokak. Aurtengo nobedadeen artean, hiru gune berri eraikiko dituzte aurten: Irudiena, Szenatokia eta Kabi@.

01:05
Durangoko Azoka. EITB

Durangoko Liburu eta Disko Azokak igande honetan ireki ditu ateak, jende asko bertaratzen ari da egun osoan zehar. Abenduaren 8ra arte egongo da irekita, eta, dagoeneko, Toti Martinez de Lezea idazlea han izan da, Erein argitaletxearekin liburuak sinatzen.

Datorren ostegunera bitartean, 200 ekitalditik gora eskainiko dituzte Durangoko Azokan eta 434 izenburu berri aurkeztuko dituzte. Hiru gune berri eraikiko dituzte aurten: Irudiena, Szenatokia eta Kabi@.

Iñaki Beobide donostiarrak jasoko du Argizaiola saria San Agustín Kultur Gunean 20:30ean. Herri Gogoa diskoetxea sortu zuen 1967an, eta 1981 arte, musika talde askoren diskoak argitaratu zituen.

Kultura galegoa da aurten Durangoko Azokako gonbidatua,  eta Anton Reixa Galiziako idazle eta musikaria izan du protagonistetako bat, 12:00etan inaugurazioan parte hartu baitu.

Haur Literatura Aretoa eta Ahotsenea guneak finkatu ostean, hiru gune berriak dira aurten azokaren berritasun nabarmenenak: Irudiena: Euskara Elkarteen Topagunearekin elkarlanean, euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzaren erakusleihoa izango da. Szenatokia: Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin sortutako gune honetan, euskarazko antzerkigintzaren topaleku bilakatuko da. Kabi@: sarean eta euskarri teknologiko berrietan euskaraz garatzen diren ekimenei zuzenduta dagoen proiektu honek euskarazko wikipediaren 10. urteurrena ospatuko du.

Ahotsenean, Izate, Xabier Mendiguren, Leire Bilbao, Fernando Morillo, Leihotikan, Napoka Iria, Iñigo Aranbarri, Xarma, Bide Ertzean, Jare eta Ruper Ordorika izango dira, besteak beste. Zuzenean jarraitzeko aukera, gure webgune bereziko Ahotsenea sailean.