Itxi

kultura

Bizkaia

Bizkaia FSNextek agertoki digitala eskainiko die sortzaileei

N. V. | EITB Media

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Fair Saturdayk plataforma bat sortu dute sortzaileei Interneten erakusleiho bat eskaintze aldera, “diru sarrerak lortzeko eta audientzia digitalak garatzeko”. 

1:17
30 ekitaldi inguru daude plataforman. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Fair Saturday Fundazioak Bizkaia FSNext plataforma aurkeztu dute, artista eta kultur erakundeentzako agertoki digitala. Artista eta kultura erakundeei beren lana online proiektatzen, diru sarrerak lortzen eta audientzia digitalak indartzen lagundu nahi die proiektuak.

Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu duenez, “arte eszenikoen sektoreak bere edukiei ikusgarritasuna emateko tresna da Bizkaia FSNext proiektua. Ez dator presentziala ordezkatzeko. Haren osagarri eta pizgarri izan gura du”.

Aurkezpenean azaldu dutenez, plataformak diru sarrerak sortzeko aukera emango die artistei eta kultura erakundeei, emanaldiak edo ikastaroak adibidez on-line saltzeko moduan izango baitira. Diru sarrera garbien % 90 kultura erakundeentzat izango dira, eta gainerako % 10a plataforma mantentzera bideratuko dute. 

Emanaldien prezioa audientziak ezarriko du Bizka FSNexten, kultura erakundeek, emanaldiaren arduradunek, ezarritako gutxieneko oinarri baten gainean. 

Plataformak 30 bat eduki bilduko ditu hasteko, hainbat diziplinatakoak: dantza, antzerkia, kontzertuak... Besteak beste, Bilboko Koral Elkartea, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Kantika Korala, Miren de Miguel, Danco Estudio, Biarte eta Idoia abeslaria aitzindariak izan dira abian jartzeko prozesuan, eta edukiak prestatzen ari diren artistak batuko zaizkio laster; Haxotz, James Room, Zirzira Ahots Taldea eta Soinuaren Bidaia, besteak beste.