Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Balorazioa

130.000 bisitari baino gehiago izan ditu aurten Durangoko Azokak

Erredakzioa

Egunik jendetsuena asteartea izan da, 40.000 bisitarekin. 46. edizioak ateak itxi ditu, eta Gerediaga Elkartearen hitzetan, ''Azokak erakutsi du liburuek eta diskoek merkatua badutela oraindik ere''.

01:34
100.000 lagunetik gora, Durangoko Azokan

Durangoko 46. Liburu eta Disko Azokak ateak itxi ditu ostegun honetan. Gerediaga Elkarteak jakitera eman duenez, 2011ko edizio honek 130.000 bisitari baino gehiago bildu ditu Durangon. Landako Gunera sartu-irtenak neurtzen dituen sistema jarri dute, eta, lehen lau egunetan 105.000 bisita zenbatu dituzte. Egunik nabarmenena abenduaren 6koa izan da, 40.000 bisitarekin.

46. edizioaren balorazioa egiteko eskaini duten prentsaurrekoan eman dituzte datuok. Bertan, zuzendari berriaren izena ere eman dute. Aiert Goenaga izango da aurrerantzean Durangoko Azokako zuzendaria. Azken hiru hamarkadetan Jon Irazabalek bete du lan hori, eta hunkituta esan dio agur zuzendari karguari. Urte hauetan alboan izan dituenak gogoratu ditu Irazabalek, eta belaunaldi aldaketak utzi duen bitxikeria ere aipatu du. Izan ere, Irazabal Azokan sartu zen urtean bertan jaio zen Aiert Goenaga zuzendari berria.

30 urteko ondarroarra da Goenaga. Enpresa eta administrazio zuzendaritzan lizentziaduna, pertsona eta erakundeen kudeaketan espezializatu da. Lea-Artibaiko sare industrialaren azterketa egin du Azaro Fundaziorako, eta, Gaindegia Elkartean, Euskal Herriko behatoki sozio-ekonomikoan, proiektu koordinatzailea izan da. Lea-Artibaiko, Mutrikuko eta Busturialdeko Hitza aldizkarietako kudeatzailea izan da.

Zuzendari aldaketa ez da izango, ordea, berrikuntza bakarra. Hasitako bide berriari erantzuteko, arlokako zuzendaritzak definitu eta arlokako arduradunak eta lantaldeak eratzeko bidea hasiko du Gerediagak.

Balorazioa
Azokako arduradunek azpimarratu dutenez, ''krisi ekonomikoak krisi, Durangoko Azokak erakutsi du euskarazko sorkuntzan aberastasun handia dagoela. Jendeak gauza berriak egiteko gogoa erakutsi du, oso estilo eta molde ezberdinetakoak''. ''Gainera, Durangoko Azokak erakutsi du liburuek eta diskoek merkatua badutela oraindik ere. Merkatu txikia izan arren, liburuak eta diskoak saldu egin dira egunotan'', esan dute.