kultura
T Game
Tabakalera, bideo jokoei begira
N. V. | EITB Media
T Game proiektuak arte garaikideko erakusketa bat, nazioarteko mintegi bat, topaketa birtual bat, tailerrak eta musika eramango ditu Donostiako zentrora.
-
"Bideo-jokoak. Play Without End" erakusketa jarri dute Lau Pareta aretoan
T Game proiektuak arte garaikideko erakusketa bat, nazioarteko mintegi bat, topaketa birtual bat, hainbat eta hainbat ikastaro eta musika eramango ditu Tabakalera Kultura Garaikidearen Donostiako Nazioarteko Zentrora, bide jokoekin lotuta, martxotik ekainera.
Lau Pareta aretoan, Bideo-jokoak. Play Without End erakusketa izango da ikusgai gaurtik, martxoak 25, maiatzaren 16ra, asteartetik igandera. Bideo jokoen mekanikak eta estetikak egungo munduaz pentsatzeko erabili dituzten artistek sortutako obrak biltzen ditu, eta, horien bidez, bideo jokoen dimentsio artistikoa eta aukera politiko eta kulturalak aztertzeko aukera izan dute egileek.
Gainera, apirilaren 28tik 30era, Bideo-jokoen Nazioarteko Mintegia egingo dute, “Errealitate bideo-ludifikatua. Bideo-jokoak gizarte garaikidean duen garrantzi soziala” lelopean, Alfie Bownek, Luca Carrubbak, Óliver Pérez-Latorrek, Mercè Olivak, Marina Amores eta Marta Trivik, Víctor Navarro Remesalek, Colectivo Desmuseak (Clara Harguindey eta Daniel Pecharromán), Eurídice Cabañesek eta Daniel Muriel zuzendariak.
Ekainaren 2tik 4ra topaketa birtual bat izango da, hain zuzen ere espazio birtualek harreman sozialetarako, eta praktika kulturalerako eta esperimentazio artistikorako duten potentzialtasunaz hitz egiteko.
Gainera, apiril eta maiatzean hainbat ikastaro izango dira, denetariko gaiei buruz, hala nola ingurune birtualen sorkuntza eta kontzepzioa, rol-jokoak, bideozaintza eta pribatutasunerako eskubidea edo genero ikuspegia duen teknologia.