kultura
Maria Guerrero antzokian
"Sisiforen paperak" euskaraz taularatuko dute Madrilen
N. V. | EITB Media
Bihar eta etzi, ostegun-ostiraletan, egongo da euskaraz gozagai, María Guerrero antzokian, “Egunkari”ren itxieran oinarritutako antzezlana.
-
"Sisiforen paperak" 2020ko azaroan estreinatu zuten
"Sisiforen Paperak" antzezlana euskaraz aurkeztuko dute ostegunean eta ostiralean, apirilaren 29an eta 30ean, gaztelaniazko azpitituluekin, Centro Dramático Nacional erakundearen egoitza den Madrilgo Maria Guerrero antzokian.
Madrilgo ikusleek Harkaitz Canok idatzi eta Fernando Bernuesek zuzendutako antzezlana jatorrizko hizkuntzan gozatzeko parada izango dute horrela, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.
Centro Dramático Nacional erakundearen eta Arriaga, Principal eta Victoria Eugenia antzokien arteko ekoizpena Gasteizko Principalen estreinatu eta gero, Bilboko Arriagan eta Donostiako Victoria Eugenian izan zen ikusgai. Apirilaren 9tik maiatzaren 2ra, Madrilgo Maria Guerrero antzokian eskaintzen ari dira gaztelaniaz, arrakasta handiz.
"Egunkaria auzian" libreki inspiratuta, justiziaz, botere banaketaz eta kazetaritzaren lanbideaz hausnartzera darama ikuslea, eta kazetaritzari eta bereziki bidegabeki itxi dituzten komunikabideei egindako omenaldia da, egileen hitzetan.