Itxi

kultura

Urdaibaiko Guggenheim

Bide luzea dago oraindik aurretik Guggenheim handitzeko, Bingen Zupiriaren esanetan

N. V. | EITB Media

Kultura sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du oraindik jakiteko dagoela Europako funtsak iritsiko ote diren.

  • Gernika

    Guggenheim Dalia enpresak hartzen zituen lurretan jarri nahi dute

Guggenheim museoa Urdaibaiko erreserban handitzeko proiektuak "bide luzea du oraindik aurretik" gauzatzeko, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak gaur baieztatu duenez.

Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako prentsaurrekoan, handitze lan horiek Jaurlaritzaren Next Planean sartu izana hartu du hizpide Zupiriak. Jaurlaritzaren zerrenda horretan, Next Generation Europako ekonomia suspertzeko funtsak jasotzera bideratutako proiektuak bildu dituzte.

Sailburuaren hitzetan, plana zehaztu egin behar da oraindik, eta, batik bat, Europako funtsak iritsiko ote diren edo ez jakin behar da. "Urratsez urrats ikusten joango gara hurrengo hiletan", esan du Zupiriak, zeinak ez baitu argitu zer gertatuko ote den Guggenheim handitzeko proiektuarekin Europar Batasunaren dirua iritsi ezean.

Museoaren Urdaibaiko adarra Picassoren "Guernica" lan horri izen eman zion udalerrira eramatea eskatzeko balia daitekeen galdetuta, sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzak itxitzat eman duela eztabaida hori, eta "dagoen tokian" dagoela "Guernica", Reina Sofia Madrilgo museoan hain zuzen ere.  

"Hurbil"

Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak "ilusioa" agertu du proiektu horren aurrean, jarduera ekonomikoarentzat "bultzada handia" izango delakoan. Gernika-Lumoko alkatearen ustez, "hurbil" dago proiektua, eta ez du uste zailtasun handirik egongo denik sustatu behar duten erakundeen arteko adostasuna lortzeko.