Itxi

kultura

Antzerki jaialdia

Musika, poesia, dantza eta antzerki asko, Erriberriko jaialdian

N. V. | EITB Media

Carmen Linaresek irekiko du gaur, ostiralarekin, Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 22. edizioa. Antolatzaileek neurriak hartu dituzte koronabirusaren aurrean.

  • La Cava espazioa, Erriberrin

    La Cava espazioa, Erriberrin

Erriberriko Antzerki Jaialdiaren XXII. edizioak izen ospetsuak eta Nafarroako konpainia berriak batuko ditu uztailaren 16tik abuztuaren 1era musikaren, poesiaren, dantzaren eta antzerkiaren inguruan.

Oihala Carmen Linaresek igoko du, La Cava espazioan, "40 años de flamenco" ikuskizuna erakusten.

La Cavako hainbat ikuskizunetarako sarrerak, hain zuzen ere, agortuta daude dagoeneko, hala nola hilaren 16, 23, 30 eta 31ko ikuskizunetakoak: : "40 años de flamenco", "Como hace 3.000 años", "La pasión de Yerma" eta "Principiantes. De qué hablamos cuando hablamos de amor". Gainera agortzear daude "La batalla de los ausentes", "Nise, la tragedia de Inés de Castro" eta "Tito Andrónico"rako sarrerak.

2020an egin zuten bezala, antolatzaileek hainbat neurri jarri dituzte indarrean osasun segurtasuna bermatzeko: aforoa % 60ra murriztu dute, maskara erabiltzea derigorrezkoa izango da, segurtasun tartea utzi beharko da eta gel hidroalkoholikoa jarriko dute publikoaren eskura.

Konpainia ezagunen artean, besteak beste, La Zaranda dago, eta artista berrien taldean, berriz, The Lyrical View nafar taldea nabarmentzen da. Shakespeare, Leon Felipe eta Garcia Lorca klasikoen alboan, Raymond Carver eta beste egile moderno batzuen lanak ere taularatuko dituzte.

Guztira, hamaika nafar konpainia arituko dira aurtengo edizioan: Amico Teatro, El sol de York, Iluna Producciones, La Caja Flotante y The Lyrical View, La Cavan; Euskal Herriko Txistulari Elkartea, Teobaldos plazan; El Patio, Erriberriko kultur etxean; Inextremis, Cardo Films, TDiferencia eta La Cuerda Teatro, Antzerki Poetika zikloan; eta La Banda Teatro Circok egonaldi-laborategi bat egingo du.

Azken egunean, uztailaren 31n, "Oinak Lurrean" emanaldia eskainiko du The Lyrical View Nafarroako taldeak.