Itxi

kultura

Zabalkuntza

Euskal sortzaileei leihoak irekiko dizkie Etxepare Institutuak Avignon, Portugal, Katalunia eta Andaluzian

N. V. | EITB Media

Guztira, 35 euskal sortzaile eta hamabost konpainia bederatzi jaialditan arituko dira "Basque Performing Acts" markapean, abuztuan eta irailean.

  • Iratxe Ansa dantzaria

    Iratxe Ansa dantzariak "REacción" ikuskizuna estreinatuko du irailean, Cuencan

35 euskal sortzailek eta hamabost konpainiak bederatzi jaialditan parte hartuko dute abuztuan eta irailean Etxepare Euskal Institutuaren eskutik: Libourneko Fest´Arts eta Avignoneko Opera Teatroa (Frantzia), Anfitrión Arte Eszenikoen jaialdia (Andaluzia), Torres Vedras (Portugal), Tàrregako Fira de Teatre al Carrer (Katalunia), Escena Patrimonio (Salamanca, Cuenca eta Segovia) eta Expoesia (Soria).

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak gaur ekimena aurkezteko ekitaldian azaldu duenez, pandemiaren bilakaerak erakutsi du "arte eszenikoetako nazioarteko jaialdiek gertuko proposamenak lehenetsiko zituztela, eta garbi ikusi genuen geografikoki gertuen dauden jaialdiak eta hitzorduak modu proaktiboan landu behar genituela".

"Basue Perfoming Acts" lelopean aurkeztuko dituzte euskal sortzaileen lanak, abuztu-irailetan.

Soria

Euskal Herria izango da aurtengo gonbidatua Sorian abuztuaren 1etik 8ra egingo den Expoesia 2021 Liburu Azokan, eta bertan jardungo dira kontu kontari Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Aitor Francos, Karmelo C. Iribarren eta Peru Magdalena, baita Pello Salaburu edo Jon Kortazar akademikoak ere.

Gainera, Kukai Dantza (abuztuaren 1ean), Amaia Zubiria (abuztuaren 2an), eta Ruper Ordorika (abuztuaren 5ean) ere bertan izango dira, eta 'Obaba' (Montxo Armendariz, 2015), 'Dantza' (Telmo Esnal, 2018) filmak eta Oskar Alegria iruindarraren bi film, ´Emak Bakia baita´ (2012 ) eta `Zumiriki´ (2019).

Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariak ere arituko dira Sorian, Danele Sarriugarte interprete dutela, eta Isabel Azkarate argazkilari donostiarraren 'Arte eta parte' erakusketa bisitatu ahal izango dute hala nahi dutenek.

Abuztuaren 3tik 7ra kaleko arteen Fest´Arts  jaialdia egingo da Libournen (Frantzia), eta Amaia Elizaran, Lasala Judith Argomanizek zuzentzen duen konpainia eta Deabru Beltzak konpainia izango dira bertan. Guztien emanaldiak abuztuaren 6an izango dira.

Andaluzia, Katalunia eta Portugal

Cadizen, Anfitrión Arte Eszenikoen Jaialdian, abuztuaren 4an eta 5ean, Kukai Dantza taldeak 'Oiasso' ikuskizuna taularatuko du Baelo Claudia antzoki erromatar paregabean. Bestalde, irailean Tanttaka Teatroak `Ameriketako bidaia´ antzezlana taularatuko du Malagako Fuengirolako Sohail gazteluan.

Bestalde, Kataluniako Fira de Teatre al Carrer de Tarregan, irailaren 9tik 12ra, bi euskal konpainiaren lanak izango dira "Basque Performing Arts" markapean: Maite Guevara konpainiaren 'Qué buen día' eta Lasala konpainiaren `FIGHT´ lana.

Bestalde, Portugaleko Torres Vedras jaialdian hiru euskal konpainia programatu dituzte. Joan den maiatzean Anita Maravillas konpainiak `Jon Braun´ taularatu eta gero, udan Eva Guerrero konpainiak `Gorpuztu´ dantza garaikideko pieza eskainiko du, eta Berdinki Zirkusek `Mikra´.

Salamanca, Cuenca eta Segovia

Irailaren 11tik 18ra egingo den Escena Patrimonio Jaialdian, `Raíces-Erroak´ lelopean, euskal begirada irudikatuko dute hiru hiritan: Salamanca, Cuenca eta Segovia.

Larrua Proiektua konpainia gasteiztarrak `Ojo de buey´ propio sortutako arte garaikideko pieza eszenaratuko du Salamancan; Iratxe Ansak eta Igor Bacovichek osatzen duten Metamorphosis Dance konpainiak, aldiz, Cuencan `REacción´ estreinatuko du; eta Kukai Dantzak, Andrés Marin egungo flamenko-dantzari berezienetako batekin elkarlanean, `Yarin´ taularatuko du Segovian.

Marie de Jongh, Avignonen

Azkenik, Marie de Jongh konpainiak 'Ama' ikuskizun berriaren sorkuntza-egoitza egingo du Avignoneko Opera Grand Avignon Teatroan, irailean zehar. Konpainia bizkaitarraren helduei zuzendutako lehen ikuskizuna izango da, eta zaintzaz hitz egiten du.