Itxi

Literatura

Elkarrizketa

Leire Bilbao: "Liburu batek taupada egin behar du"

Natxo Velez | eitb.eus

Leire Bilbaok “Etxeko urak” poema liburua argitaratu du, amatasunaren poz eta minetatik idatzitako lan zintzo, indartsu eta hunkigarria.

  • Leire Bilbao

    "Etxeko urak" poema liburua argitaratu du Leire Bilbao idazleak

Taupadak. Irakurlearen kezken, barne harraren, erritmora egokitzen diren pultsazio inarrosle eta egiatiak batu ditu Leire Bilbao idazleak (Ondarroa, 1978), poema jantziz, Etxeko urak bere hirugarren poema liburuan, “amatasunari buruz baino gehiago, amatasunetik” idatzitako lanean. 

Susa argitaletxeak kaleratutako lanean, Bilbaok eraikitako “ni lirikoak” zintzotasun samur baina errukigabez begiratu dio amatasunari –hots, bizitzari– gurasokeria, segurkeria eta errazkeriaren ifrentzutik, soberakinak inausita dituzten eta irakurlearen hondo sakonari lotzen zaizkion hitz-aingura berunezko noiz laztankari noiz astintzaileekin.

Bilbaorekin hitz egin dugu, Etxeko urak lanaz.

Zergatik etorri da orain Etxeko urak?

Egia esan, lehenago etorri behar zen. Nire gogoan, behintzat, denbora asko neraman liburu hau idazten, baina nahi nuena baino gehiago atzeratu da bien bitartean amagintzan aritu naizelako.

Gaiak esaten duen bezala, amatasunak beste toki batean jartzen zaitu. Lehenengo, beste lehentasun batzuk daude, umeak noski, hala behar dute eta, eta norbera beste plano batean geratzen da.

Egia da tarte horretan haurrentzako poema liburuak atera ditudala, ez naiz geldi egon eta poema liburu hau ari zen idazten nire barruan eta fikzionatu dudan pertsona honengan, gaia ateratzeko sortu behar nuen ahotsarengan.

Eta azkenik poesiara jo duzu kezka horiek bideratzeko. Zure genero berezkoa da? Zer aukera eta zer muga ezartzen dizkizu genero honek sortzeko?

Poesia da nire genero naturala, bai, eta poesiak duen muga ederretako bat, abantailatzat hartzen dudana, ekonomia egin beharra da: isiltasunek indarra daukate eta hitz justuekin ahalik eta gehien esan behar da, unibertso bat sortu, ahalik eta baliabide gutxienekin.

Amatasunari buruz irakurri nahi izan nuenean, konturatu nintzen ez zitzaizkidala interesatzen eskura izan ohi ditugun liburuak, dela bularra emateko jarraibideak dela umea nola hazi azaltzen dutenak esaterako. Horietan ez nuen topatzen erantzunik. Literaturan, fikzioan, ordea, bai aurkitzen nituen izan nintzakeen galdera horien erantzunak.

Beste liburu batzuk irakurri ditut liburu hau egin orduko, eta horietan gehiago topatu dut nik bilatzen nuena. Fikzioak erantzunak ematen ditu askotan. Eta poesiak, gainera, gertutasuna eta bidea ematen dizkizu lehenengo pertsona horretan pertsonaia sinesgarri bat egiteko eta norberarenak eta norberarenak ez direnak kamuflatzeko.

Pessoak berak esan zuen: “O poeta é um fingidor”.

“Moztu orria, taupada egiten ez badu” esaten da Etxeko urak-eko poemetako batean. Zer behar du poemak, argitaratu behar badu?

Askotan, egoera eta esaldi arruntek abiatzen dute poema, baina taupada presarik gabe entzun behar da.

Literaturarekin eta beste sorkuntza arteekin hori gertatzen da. Poema liburu hau ateratzeko, beste hainbat poema hautsi ditut, noski, ez dutelako taupada egiten edo ez dutelako liburuak behar zuen erritmoan taupada egiten. Kostatu egiten da atzean orduak edo egunak dituen poema gainetik kentzea, baina ez dut problemarik eduki mozteko, liburuaren onerako izaten baita.

Sentitzen dudan zerbait da. Liburu batek taupada egin behar du, izan poesia, narratiba edo beste edozein genero. Liburu horiek gustatzen zaizkit.

Leire Bilbao

Eta noiz bukatzen da poema bat? Irakurtzean, soberan egon litekeena kentzeko, hitzak dekantatzeko ahalegin bat, igartzen da.

Bai. Saiatzen naiz ekonomia horretan, poema ahalik eta elementu gutxienekin osatzen. Ada Salasek izugarri gustatzen zaidan poema bat du, esaten duena “idatzi / eta ezabatu / idatzi / eta ezabatu / idatzi / eta ezabatu / idatzi / eta ezabatu / idatzi / eta ezabatu / idatzi / eta ezabatu / idatzi / eta ezabatu / idatzi / eta ezabatu / eta ezabatu ezabatu ezabatu”.

Idazle mota asko egongo dira, eta batzuei jario hutsean aterako zaie berez, baina, nire ustez, gehienok asko zirriborratzen dugu, eta batez ere berridatzi: errepasatu, errepasatu eta errepasatu. Askotan, koma batekin ere obsesionatzen gara, zuk esandako dekantazio prozesu hori egiten.

Poesian gertatzen da batik bat, lerro gutxian poemaren taupada eta erritmoa mantentzen saiatu behar zarelako.

Ez ei da fidatu behar sartzean garbiegi usaintzen duen etxeaz, liburuko poema batean esaten denez. Garbiegia da amatasunaren kontakizuna ere, oro har?

Bai. Irudi garbiegi eta politegia ematen digute, umearen irribarrea erakusten digute, alderik politena. Eta umeak negar ere egin behar du, hizketan ez dakienez. Hori da bere adierazpidea.

Umeak zikindu egin behar du, eta etxea eta norbera ere zikindu egin behar dira.

Zenbait herritar segurtasunaren bila ari dira (mezu positiboak, errazkeriaz blaitutako diskurtsoak…) eta amatasuna edo gurasotasuna bezalako aldaketa handiak bizi ditugunetan, euskarri irmoen gosez izaten dira asko, baina Etxeko urak ez da hori.

Ez, aldarrikapen bat da. Guraso izateak baditu bere pozak, eta disfrutatzen ditugu, baina baditu bere penak ere, eta onar ditzagun. Inor ez dadila ito ur horietan; egin dezagun bertan igeri eta disfruta dezagun. Batzuetan marea biziak etorriko dira, gatzez betetako trago txar bat hartu beharko dugu, baina igeri egin behar dugu.

“Marea” atalean, ahizpatasuna ere ageri da; “denok batera urrunago iritsiko gara igerian”, esaten da.

Liburuan ez dago mozorro edo paradisu faltsurik

Hori da, pozak eta minak aldarrikatzen ditut, une alaiak eta saminak. Hau da dagoena, eta eraiki dezagun. Badago amatasuna eraikitzeko beste modu bat, ezer estali gabe.

Intelektualizazio prozesu baten emaitza da liburua, noski, baina basatitik ere asko dauka. Nola bizi izan duzu oreka hori?

Bai, nik uste dut guraso izaten garenean berriro hasten garela batzuek galduta izaten duten lurrarekiko kontaktua hartzen: etxeko behegainean esertzen gara berriz, sena pizten da eta gure barruko animaliak ateratzen dira… Horregatik daude hainbeste animalia liburu honetan.

Ama izan aurretik, ideien mailan ibiltzen da gaia, eta ama izaten zarenean dena hain da fisikoa (dena da odol, dena da esne, dena da ukimen, dena da azal), hankak lurrean jartzen ditu, eta zure tribuari begira ere hasten zara, laguntza sare bat sortzen duzu…

Baina ideiatik, egin nahi duzunetik, izatera amildegi bat egoten da askotan, eta biak egoten dira presente, pentsamendua eta kontu fisikoa.

Lau ataletan banatuta daude poemak liburuan: “Urak bota”, “Listua”, “Marea” eta “Harraska”. Poemak idatzi ondoren aukeratu zenituen lau arloak edo horren arabera sortu dituzu?

Hasieran, jarioan etorri ziren poemak, eta idatziz joan ahala ikusi nuen bazela atalkatze bat. Gainera, 2016an hasi nintzen idazten, eta ohartu naiz neuregan ere garapen bat egon dela idazteko moduan: hasierako poemak naturarekin lotuago daude, adibidez.

Gero bilakaera pertsonala ere badago, eta amatasunaren ahalduntze horretan aurrera egin dudan neurrian poemek beste tonu bat hartu zuten. Idazte prozesuak ekarri du sailkapen hori.

Ordena horrek hari kronologiko bat ere ematen dio liburuari

Bai, eta horrela atalkatu ditut: hasieran ama izateko bidean dago, ama izaten da, lehenengo umea dator, bigarrena dator, beste hizkuntza bat ikasten du, ahizpatasunaz konturatzen da eta azkenik ohartzen da kontu domestikoei beste begirada batez begiratzen diela.

Erditze bakoitzean, ume bat jaiotzen da, baina umearekin batera ama bat ere jaiotzen da eta aritzen da mundu honetan ibiltzen ikasten. Bere begirada aldatzen joaten da: lehenengoz “zer pasatu zait?” esaten duenetik, pasatu den horri hitza ematen diozun arte, eta gero ingurura begira hasten zara.

Jario hori ez eteteko ageri dira poemak izenbururik gabe?

Bai, dena hari etengabe bat bezala ulertzeko. Poema bakoitzak bere entitatea izatea nahi nuen, bere kabuz funtzionatzea, baina baita liburu osoan sartzea ere, hurrenkera kronologiko horrekin, ikus dadila jaiotzen edo eraikitzen ari den ama bat, nola lehenengo bere barrura begira ari den, gero bere zentimetro kubikoari begira eta azkenean haratago ere.

Forma aldetik ere, jarioa aberastu egiten da tarteka, elkarrizketak, erosketa zerrenda bat, kaligrama bat eta prosa poetikoa erabilita

Bai, aitortu behar dizut ni ere beldur nintzela gai baten ingurukoa izanda ez ote zen monotonoegia izango. Horregatik erabaki nuen elkarrizketak erabiltzea, adibidez, atal bakoitza zabaltzeko.

Eta bestela, piktograma bertso bat da, neurtuta dago, baina tranpa egin dut, eta erosketa zerrendarenak ere egunerokotasuna ematen dio.

Nori zuzenduta dago liburua? Izan al duzu irakurle konkreturik buruan?

Bai pentsatu nuen ea ama direnei bakarrik interesatuko ote zitzaien. Baina denok gara ama baten seme-alabak, eta zenbateraino ezagutzen dugu gure ama? Gure amak une horietatik pasatu ziren gu txikiak ginenean eta gu beraiekiko dependenteak ginenean.

Orduan, “aurrera” esan nion neure buruari: hau da kontatu nahi nuena, interesatzen zitzaidana, eta hau esan eta aurrera begira jartzeko unea zela sentitu nuen.

Eta honen ostean ari zara jada beste zerbait idazten, buruan bada ere?

Buruan badaukat, bai. Baina orain agian haur edo gazte literatura apurtxo bat, eta hurrengorako ikusiko dugu. Poesia atera egin behar da, eta ezin da behartu. Ikusiko dugu.