kultura
IRUÑEA
2022ko martxora atzeratu dute Iruña Rock jaialdia
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Urrian ziren egitekoak, baina covid-aren krisiak atzeratu egin du, beste behin, hitzordua. 2020rako eta 2021erako erositako sarrerak 2022ko ediziorako balioko dute eta ez dago inolako izapiderik egin beharrik; eguneko sarrerekin, berriz, bestelakoa gertatzen da.
-
Publikoa kontzertu bat ikusten. Irudia: Pixabay
Covid-aren krisiak eragindako arazoak medio, Iruña Rock jaialdia ezin izango da urrian ospatu, beraz, antolatzaileek 2022ko martxoaren 18 eta 19ra atzeratzea erabaki dute. Iaz ere jaialdia bertan behera geratu zen koronabirusagatik.
"Zoritxarrez, oraindik osasun egoera ez da ona, eta ez dago Iruña Rocken tamainako jaialdi bat antolatu ahal izateko araudi zehatzik", adierazi dute ohar batean.
Iruñean urtero egiten den musika jaialdi honen antolatzaileek uste dute datorren edizioa arrakastaz egin ahal izango dela, eta gogorarazi dute, nahiz eta garai zailak bizi, bereziki kultura eta zuzeneko musikaren sektorean, Iruña Rock 2022 "ahaztezina" izango dela. Hala, bertan izango diren musikarien kartela ere laster iragarriko dutela aurreratu dute.
2020rako eta 2021erako erositako sarrerak 2022ko ediziorako balioko dute eta ez dago inolako izapiderik egin beharrik; eguneko sarrerekin, berriz, bestelakoa gertatzen da.
Oharrean azaldu dutenez sarrerak/abonuak duela urtebete baino gehiago erosi zirenez, sistemak ez die erosketa egin zen plataformaren bidez itzulketa egiten uzten, eta, beraz, transferentzia bidez itzuliko dela dagokion zenbatekoa (kudeaketa-gastuak kenduta) jakinarazi dute.
Diruaren itzulketa eskatzeko epea irailaren 1ean hasiko da eta 14 egun izango dituzte horretarako.