kultura
Max Sariak
Alfredo Sanzolen "El bar que se tragó a todos los españoles" antzezlanak hiru sari lortu ditu Max Sarietan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Kutsidazu Bidea, Ixabel" musikala, Deabru Beltzak konpainiaren "Smyfeuny" ikuskizuna eta Iratxe Ansa dantzaria ere saritu dituzte Arriaga Antzokian egindako galan.
-
Alfredo Sanzolek Bernardo Atxagaren eskutik jaso du Max Saria. Argazkia: EFE
Alfredo Sanzol antzerkigile nafarraren "El bar que se tragó a todos los españoles" lanak hiru golardo eskuratu ditu Max Sarietan: antzezlan onenarena, egile onenarena eta espazio eszenikoaren diseinu onenarena.
Sanzolek benetako gertakari bat hartu zuen komedia honetarako abiapuntu gisa. Bere aita nafar apaiz bat izan zen (nagusia zela izan zuen berak horren berri), eta apaizgoa utzi zuen aita santuaren dispentsa bat baliatuta, Ameriketako Estatu Batuetara joateko. Hortik aurrera, errealitatea eta fikzioa uztartzen dira, baina pertsonaiarengan askatasunaren bilaketa eta bere patuaren gidaritza hartzeko desioa nabarmentzen dira.
Arte Eszenikoen Max Sarien XXIV. edizioaren gala astelehen gauean egin dute, Bilboko Arriaga Antzokian.
Ekitaldi horretan, Euskal Herriko beste hainbat ikuskizun eta profesional ere saritu dituzte. Hala, "Kutsidazu Bidea, Ixabel" (Demode Produkzioak) obrak musika ikuskizun onenaren saria jaso du; Deabru Beltzak konpainiaren "Symfeuny" lanak, kaleko ikuskizun onenarena; eta Iratxe Ansa dantzari donostiarrak dantzako emakumezko interpretatzaile onenaren saria eskuratu du, "Al desnudo" ikuskizunagatik.